"Eszenatoki xumeetatik jaio zen Istilu eta horietan gozatzen jarraituko dugu"

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 5a

Manex Hernandez, Julen Odriozola, Eneko Larrañaga, Aitzol Briz eta Josu Artetxe. (Kera produkzioak)

Istilu musika taldeak hirugarren lana kaleratu du: Mendekura bidean. Gaur aurkeztuko dute lan berria Sanjuandegiko festetan, eta "oso gogotsu" daude. Zazpi urteren ostean, oholtza ugari zapalduta eta beste patxada batekin, musikarekin gozatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dute. 

Mendekura bidean EPa kaleratu duzue, hirugarrena. Denbora ez da alperrik pasatzen. Sei urtetan, zertan aldatu da Istilu?

Lan berriari beste batzuei baino dedikazio handiagoa eskaintzen saiatu gara. Izan ere, dagoeneko urteak daramatzagu musika egiten eta denborarekin gauza asko ikasi ditugu. Saiatu gara gure gustukoa den musika egiten –beti bezala–, eta lanari mimo berezia jartzen. Aldatu ez dena, berriz, gu gara, taldea. Hasierako lagun talde berak jarraitzen dugu, eta musika ulertzeko eta egiteko modu antzekoa daukagu. Dena den, disko honek badauka besteek ez daukaten zerbait, estilo aldetik edo doinu aldetik.

Ezustean iritsi zen diskoa. Zein unetan hasi zineten lanari forma ematen? 

Biharamuna diskoa atera ostean, kontzertuak ematen ibili ginen, baina tarteka kantu berriren bat probatzen genuen. Zer egin oso ondo jakin gabe genbiltzala, abesti bat atera genuen. Gero, Zubizarreko diskorako beste kanta bat egin behar izan genuen, eta orduan piztu zitzaigun sortzen hasteko grina. Motibazio horri helduta kaleratu dugu lana. Kantuak sortzen joan gara, eta esku artean genuen materiala grabatzerakoan gorpuztu da. 

Disko luze baten ondotik, orain zergatik lan laburra?

Denbora asko eskatzen du kanta berriak sortzeak: elkarrekin batzea, kantuei mila buelta ematea, proposamenak egitea, bestearenak entzutea, entseatzea... Batzuetan nekagarria egiten da, eta zahartzen joan ahala gauzak egiteko denbora gutxiago daukagu. Beraz, nahiago izan dugu maketa laburra egitea kantu gutxirekin eta doinu txukunekin, motibazioari helduta eta erre gabe.

(Kera)

Mendekura bidean, zeri abesten diozue?

 Egungo egoera beltzari lotua jarri diogu Mendekura bidean izena lanari. Espero dugu egunen batean hau guztia [testuinguru soziopolitikoa] konponduko dela, eta egongo dela egindakoa ordaindu beharko duenik. Beraz, bide horretan ekarpen bat egin nahi izan dugu musikarekin. Gazteoi gertu-gertutik eragiten diguten gaiak landu ditugu; egunerokoan gertatzen denari abestu diogu, nolabait.

Norabide zehatz batean goazen heinean, bide hori elikatzan dituen kantak atera nahi genituen. Erabili dugun trenen iruditegiarekin ere (argazkiak, diskoaren azala...) hori irudikatzen saiatu gara, bide horretan goazela.   

Belaunaldi berriko musikariak zarete, baina zaharragoentzat oso ikonikoa izan zen musika talde baten bertsioa egin duzue: Kasik taldearen Elkarren zain bertsionatu duzue. Zergatik?  

Kasik gu baina zaharragokoen garaikoa da, baina betidanik entzun dugun talde bat da. Taldeko bostok ere oso kutuna dugun taldea da, batera entzun izan dugulako askotan: kontzertuetatik bueltan eta abar. Gainera, kanta hori bada zehazki asko entzun dugun eta asko gustatzen zaigun abesti bat. Behin entsegu batean hasi ginen kantua jotzen, eta denok elkarri begiratu genion. “Hau inberra ziok!” pentsatu genuen denok.

Musikalki, zer topatuko du entzuleak lan berrian? 

Kantutik kantura zerbait desberdinarekin egingo du topo entzuleak. Nahi gabe atera zaizkigu abestiak horrela. Sortzen joan garen heinean, doinuak gure gustura eta estilora moldatzen joan gara. Taldekide bakoitzak bere zaletasunak ditu eta bakoitzaren ekarpenekin osatzen dugu diskoa. Gustatzen zaiguna egiten dugu, estilo zurrun bati lotu gabe.

Nolakoak izan dira azken urteak Istilurentzat?

Bigarren diskoa atera genuenetik kontzertuak ematen ibili gara; zentzu horretan, zortea daukagu. Kontzertuekin aspertzean hasten gara sortzen. Boladaka funtzionatzen dugu. Orain, disko berria aterata, zuzenekoen txanda da. Azken urteetan, oro har, Euskal Herrian zehar ibili gara, baina kanpoan ere izan gara; Galizian, esaterako. Gustatuko litzaiguke esperientzia horiek berritzea.

EPa plazaratu zenutenetik kontzertu hainbat eman dituzue. Hurrengoa, eta, oraingoz, azkena Sanjuandegin. Nolako harrera izan du? Gozatu al duzue oholtzetan?  

Diskoa oraindela bi aste inguru atera genuen eta aurrez bagenituen kontzertu batzuk lotuta. Kontzertu horiek berez kontzertu arruntak ziren. Disko berriko kantu batzuk jo izan ditugu, baina disko berriaren aurkezpena Sanjuandegiko festetakoa izango da. Gainera, aurreko edizioetan ezin izan dugu jo bertan, hainbat arazo izan direla tarteko, eta, egia esan, gogo handia duguXJn aritzeko. Beti jo nahi izan dugun plaza bat da, eta gogo handia dugu. Beraz, egurra emango dugu!

Diskoak orokorrean harrera ona izan du. Agian iritzia eman digutenak lagunak dira, eta ez digute egia esan nahi, baina, bai, harrera ona eduki du. Ez da denbora asko lana aurkeztu genuela, eta jende askok oraindik ez du entzun. Neurria hartzeko momentu egokia izango da Sanjuandegiko festetako kontzertua. Aurrera joan ahala joango gara ikusten zein den harrera, baina lehen inpresioan, harrera ona izan du.

Kaos Urbano eta Non Servium taldeekin elkarbanatu duzue oholtza. 

Amets baten modukoa izan da. Hastapenetako Istiluko gazteek ez zuten inoiz pentsatuko talde horiekin oholtza elkarbanatuko zutenik. Egia esan, esperientzia zoragarria izan da; ilusio ikaragarriarekin bizitako momentuak izan dira, benetan hunkigarriak. Hala ere, gure bidean eskaini ditugun kontzertu gehienak areto handietatik kanpo izan dira, oholtza txikietan. Horiek jende asko ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera eman digute, eta horiei esker izan dugu bi talde handi hauekin aritzeko aukera. Garrantzi berezia ematen diogu horri, eszenatoki xumeetatik jaio baitzen Istilu, eta oholtza horietan jotzen segituko dugu.

Oholtzan jarraituko al duzue? 

Bizimodua aldatu egiten da: ardura gehiago, denbora gutxiago, eta horrek dakarren guztia. Hala ere, oraina daukagu buruan: disko berria eta Sanjuandegin eskainiko dugun kontzertua. Urteak daramatzagu Sanjuandegin jo nahi eta ezinean, baina azkenean iritsi da unea. Oso-oso gogotsu gaude gaurko emanaldirako.

Zerk ematen dizue musikan jarraitzeko bultzada?

Istilu sortu zenean, betidanik musikarekiko afizioa izan duen lagun talde bat bezela sortu zen. Orain berdin jarraitzen dugu. Lagun talde sendo bat izaten jarraitzen dugu, gustuko dugun hori egiteko aukera ematen diguna. Horrek ematen digu benetan indarra eta gogoa aurrera jarraitzeko. Horri helduko diogu eta lagun artean gustuko dugun hori egiten jarraitzea da gure motibazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide