Ezkuztako zubiko lanak tarteko, errepidea erabat itxiko dute hurrengo asteburuan

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 5a

Ezkuztako zubiko lanak. (Nerea Uranga)

Ekainaren 13ko 06:00etatik hilaren 14ko 22:00etara ibilgailu pribatuentzat erabat itxita egongo dira Ezkuztako zubia eta Madalenako sarbidea. Autobusek eta taxiek, baina, larunbateko 13:00etatik aurrera Madalenatik igarotzeko aukera izango dute. Zestoa alderako joan-etorrietarako, Elgoibartik barrena ibiltzeko eskatu dute.

Ezkuztako zubiko lanek eragin nabarmena izango dute beste behin trafikoan. Izan ere, hurrengo asteburuan, ekainaren 13an eta 14an, errepidea erabat itxiko dute ordu tarte batean. 

Zehazki, hurrengo larunbateko 06:00etan hasi eta igandeko 22:00etara bitartean, ibilgailu pribatuentzat erabat itxita egongo dira Ezkuztako zubia eta Madalenako sarbidea. Larrialdi zerbitzuek soilik izango dute horietatik pasatzeko aukera. Ondorioz, Azpeititik Zestoarako joan-etorriak ezingo dira ohiko errepidetik egin. 

Larunbatean 13:00etatik aurrera, baina, Madalenako bidea soilik autobusentzat eta taxientzat irekiko dute. 

Igandean 22:00etatik aurrera, berriz, Ezkuztako zubia irekita egongo da, eta orain bezala semaforoekin txandaka bideratuko dute trafikoa. Horrez gain, ibilgailu guztiek izango dute Madalenatik barrena GI-631 errepidera sartzeko aukera. 

Itxita egongo diren errepide zatiak saihesteko baserri bideak ere badauden arren, horietatik ez joateko gomendioa luzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ondorioz, Zestoa aldera Elgoibartik joateko eskatu die herritarrei. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide