Pote Filosofikoak egitasmoaren barruko hitzordua izan zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Umorea gai hartuta egin zuten Txinparta filosofia elkartearen laguntzarekin Kulturaz kooperatibak martxan jarri duen egitasmoaren hirugarren hitzordua. Herritarrak pote baten bueltan eta lagunartean elkartzen dira gai baten bueltako iritziak eta hausnarketak partekatzeko, eta atzo, umorea gai hartuta, Maddi Nazabalek gidatu zuen saioa.
Kulturazen arabera, umoreak gai korapilotsuak sortzen ditu, eta galdera hainbat ere bai: "Txiste guztiak al dira barregarriak? Posible al da inor mindu gabeko umorerik? Modu berean baloratu behar al dira goitik beherako edo behetik gorako umorea? Publiko moduan ba al dugu erantzukizunik umorearen aurrean?". Galdera horiek eta gehiago aletu zituzten atzoko saioan, eguneroko bizipenetatik abiatuta.