Azpeitiko musika ondarea, betirako gordeta

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 3a

Azpeitiko doinuen diskoaren aurkezpena, atzo, Basazabalen. (Iraia Oteiza)

Julian Barrenetxea abesbatzak Azpeitiko lau konpositoreren lanak disko batean bildu ditu. Larunbatean aurkeztuko dute proiektua, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eskainiko duten zuzeneko emanaldiarekin. 20:00etan hasiko da kontzertua. 

Azpeitiko musika ondarearen zati bat betirako gordeta geratuko da hemendik aurrera. Julian Barrenetxea abesbatzak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko herriko lau konpositore garrantzitsuenen lanak bildu dituen diskoa kaleratu du. Belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu diren doinuak grabatu dituzte, etorkizunean gal ez daitezen.

Proiektua ez da abesbatza baten ekimen hutsa izan. Guztira 40 lagun inguruk parte hartu dute grabazioan: Julian Barrenetxea abesbatzako kideek eta kide ohiek, Kbeat taldeak, Azketa ahots taldeak, Azpeitiko Parrokiako abesbatzak eta Ignacio Arakistain organo jotzaileak. Guztien artean Jose Luis Frantzesena, Jose Mari Altuna, Julian Barrenetxea eta Juan Antxieta konpositoreen obrak interpretatu dituzte.

Diskoaren aurkezpena atzo egin zuten Azpeitiko Basazabal jauregian. Bertan izan ziren, besteak beste, Jose Luis Frantzesena konpositorea bera, Javier Alberdi Julian Barrenetxea abesbatzaren zuzendaria, Ignacio Arakistain organo jotzailea, Jose Mari Altunaren senideak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. Herritarrei zuzendutako aurkezpen ofiziala, berriz, larunbatean egingo dute, 20:00etan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eskainiko duten kontzertuarekin. Emanaldian diskoan jasotako piezak interpretatuko dituzte, zuzenean. Halaber, diskoa nola grabatu zuten ere erakutsiko dute, ikus-entzunezko baten bidez.

Azpeitiko lau izen nagusi

Javier Alberdi Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendariaren esanetan, Azpeitiko musika ondarea modu iraunkorrean jasotzeko herriko historiari lotutako lau konpositore nagusi aukeratu dituzte.

Horien artean dago Juan Antxieta, Errenazimenduko euskal musikagile nabarmenetako bat. Alberdiren arabera, ezinbestekoa zen haren presentzia diskoan, bai euskal musikaren historian izan duen garrantziagatik, bai Azpeitiarekin izan zuen loturagatik.

Bestalde, Julian Barrenetxea ere funtsezko figura da herriko musika tradizioan. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako konpositorearen jardunak arrasto sakona utzi zuen Azpeitiko elizako musikaren historian, eta haren izena darama gaur egun 40 urte bete dituen abesbatzak ere.

Jose Mari Altunak eta Jose Luis Frantzesenak osatzen dute laukotea. Altunaren lanak urtero entzun ohi dira San Sebastian eta San Inazio egunetako ospakizunetan. Frantzesena, berriz, gaur egungo konpositorea izateaz gain, Julian Barrenetxea abesbatzaren sortzaileetako bat ere bada. Alberdiren esanetan, haren Jasokunde Mezak "gure lurretako musikaren izaera" islatzen du, erromantizismo frantsesaren ukituekin uztartuta.

Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako kidea izan da proiektuaren sustatzaileetako bat. Haren hitzetan, aipatutako lau konposatzaileen doinuek "bizirik" diraute, urte askoan plazetan, elizetan eta ospakizunetan horiek entzuteko aukera izan delako. "Azpeitiarrek maitasun berezia diete doinu horiei", azaldu du, "baina belaunaldiz belaunaldi ahoz transmitituta bakarrik ez, beste era batean ere gorde behar ziren doinu horiek".

Diskoan Juan Antxietaren O Bone Jesu, Julian Barrenetxearen Arratseko Otoitza, Salve Regina eta Pozez beterik, Jose Mari Altunaren Olazko Amari eta Jose Luis Frantzesenaren Jasokunde Meza bildu dituzte. "Ospakizun bat da; herriko memoriari egiten diogun oparia", esan du Ignacio Arakistainek.

Urtebete inguruko lana egin dute grabazioa prestatzeko, eta proiektuak beste ondorio pozgarri bat ere utzi du. Julian Barrenetxea emakumeek bakarrik osatzen dutenez, gizonen ahotsen laguntza behar izan dute hainbat obra interpretatzeko, eta horrek herriko hainbat musikari eta abeslari elkartzea ekarri du. "Ez da beti erraza jendeak borondatea agertzea, eta pozgarria izan da halako erantzun ona jasotzea", adierazi du Arakistainek.

Azkoitiko organoaren babesean

Kalitate tekniko handiena lortzeko asmoz, diskoaren grabazioa Azkoitiko Cavaille-Coll organoarekin egin dute. Alberdik azaldu duenez, instrumentu horrek eskaintzen dituen "aukera bikainak" baliatu nahi izan dituzte. Azaroan hiru egunez aritu ziren lanean, ostiral batean eta asteburu osoan, piezak grabatzen, eta emaitzarekin "oso pozik" daude. Diskoa formatu fisikoan argitaratu dute, baina grabaketak plataforma digitaletan ere eskuragarri jartzeko asmoa dute.

Larunbateko kontzertuan diskoan jasotako obrak zuzenean entzuteko aukera izango dute herritarrek. Egileen esanetan, herriaren ondare diren doinu horiek zuzenean entzutea "egundokoa" izango da, eta herritar oro "iluntze atsegin bat" igarotzera gonbidatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide