Dolu-paisaiak sormen proiektua aurkeztu eta jendaurrean erakusgai jarriko du Asier Itulain (Azpeitia, 2004) sortzaile eta diseinatzaile azpeitiarrak aste honetan. Hain justu, bihar, ekainak 4, 18:30ean aurkeztuko du egitasmoa Dinamoa sormen gunean. Kulturaz kultur kooperatibak azaldu du sormen egonaldian sortutako lanen emaitza dela Itulainen Dolu-paisaiak lana.
Ondoren, Kulturazek Itulainen proiektuko lanak erakusgai jarriko ditu Foru Ibilbideko erakusketa aretoan, Doi erakusketa programaren barruan. Ekainaren 5etik 14ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa, ostiralean 18:00etan hasita. Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara zabalduko dute.
Ver esta publicación en Instagram
Itulainek ilustrazioa lantzen du, baina ez testuek esaten dutena berrinterpretatzeko bakarrik, hauek osatzeko baizik. Sentimenduak hitzez nahiz grafikoki adierazten ditu sortzaile azpeitiarrak. "Itulainen lanak sentimendu propio eta sakonekin lotuta daude, azalean sentitzen duena irudira itzuliz", aurreratu du Kulturazek. 2026an Dinamoan sormen gunean egin du egonaldia Gradu Amaierako Lana izango den proiektua lantzeko.
