Mendiko urei lotuta bilera irekia egingo dute ostegunean Lurgintzaren egoitzan

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 1a

18:30ean hasita, mendiko urei lotuta gertatzen ari denaren inguruko informazioa emango dute Gipuzkoako EHNE sindikatuko kideek, eta alternatibak aurkitzen saiatuko dira. Bilera irekia izango da eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera. 

Gipuzkoako EHNE sindikatuak antolatuta, mendiko urei, kontagailuei eta ur horiek erabiltzeagatik Uraren Euskal Agentziak ezarri nahi duen kanonari buruzko bilera irekia egingo dute ostegunean, ekainak 4, Azpeitiko Lurgintzaren egoitzan. 18:30ean hasita, mendiko uren erabiltzaileei gertatzen ari denaren inguruko informazioa emango diete, eta alternatibak aurkitzen saiatuko dira. 

Kontua da, Uraren Euskal Agentzia mendiko ura erabiltzen duten etxebizitzei kontrol eta baldintza berriak ezartzen hasi dela, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzaldiko Errege Dekretua eta Eusko Jaurlaritzaren 2017ko apirilaren 24ko agindua aplikatuz. Araudi horren arabera, mendiko ura erabiltzen duten etxeek eta baserriek hainbat betebehar dituzte: ur kontagailu indibidualak instalatzea eta mantentzea, kontsumoen irakurketak egitea eta Ura agentziari bidaltzea, uraren osasun kontrolak eta txostenak egitea, eta, gainera, uraren erabileragatik kanon bat ordaintzea.

EHNE eta hainbat baserritar irtenbide juridiko posibleak aztertzen ari dira, neurri horiek "gehiegizkoak" eta "bidegabeak" direla iritzita. Izan ere, gogorarazten dute mendiko iturrietatik ura etxeetara eramateko azpiegitura guztiak beraiek edo aurreko belaunaldiek egin dituztela urteetan zehar, inolako laguntza ekonomikorik gabe eta lan karga oro beren gain hartuz.

Naroa Irure Gipuzkoako EHNE sindikatuko koordinatzaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren araudiak aukera ematen du, zenbait kasutan, kontagailuen ordez beste sistema batzuk erabiltzeko. "Abokatuarekin aztertzen ari gara ea hortik tiraka zerbait egin daitekeen", azaldu du. Horregatik, puntu hori ere aztertuko dute osteguneko bileran. Herritar orok izango du bilerara bertaratzeko aukera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide