Lehiarik gabe ere, ikuskizuna eman dute uztaidun errekortariek

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 1a

Hamasei errekortari jarri dira Albara ganadutegiko zezenen aurrean, horietatik hiru azpeitiarrak: Xabier Iturralde, Unai Arellano eta Iñaki Soraluze. Bikoteka eta bi multzotan banatuta aritu dira, hiruna minutuko txandetan. Jokoan ezer ez zegoen arren, dena eman dute plazan, ehunka lagun harmailetatik begira zituztela.     

Ez zen txapelketa bat, ezta ligako jardunaldia ere. Ez zegoen lehiarik, ez sailkapenik, ez irabazlerik, ezta saririk ere. Erakustaldi bat besterik ez zen atzo arratsaldean uztaidun errekortariek Azpeitiko zezen plazan egin behar zutena, baina eman zuten ikuskizuna edozein txapelketatan eman dezaketenaren parekoa izan zen, batere inbidiarik gabea. Horrela, igande arratsaldea entretenituta pasatzeko modua izan zuten zezen plazara bertaratu ziren herritarrek, eta ez ziren izan bat edo bi, dozenaka baizik.

Kalian Gora zezenzale elkarteak, Egoitz Albizuri Iherra-ren omenez, uztaidun errekortarien saioa antolatu duen laugarren urtea izan da aurtengoa, eta orain artean beti izan du lehiaketa formatua. Aurten, ordea, ganaduari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorrak sortutako eragozpenek ezinezko egin dute hori; horregatik erabaki zuten aurtengoagatik erakustaldi formatuan uztea. Hala ere, antolatzaileek espero zuten errekortariek ikuskizuna ematea, horretarakoxe gonbidatu baitzituzten Euskal Herriko zortzi bikote onenak, eta ez zuten hutsik egin. 

Hamasei errekortari jarri ziren Albara ganadutegiko zezenen aurrean, horietatik hiru azpeitiarrak: Xabier Iturralde, Unai Arellano eta Iñaki Soraluze. Bikoteka eta bi multzotan banatuta aritu ziren: batetik, ligako bikoteak; eta bestetik, hasiberriak. Ligako bikoteen artean jardun zuten Unai Arellanok (Azpeitia) eta Xabier Iturraldek (Azpeitia), Ander Lizarraldek (Villabona, Gipuzkoa) eta Roberto Constanzak (Orkoien, Nafarroa), Ander Gallastegik (Durango, Bizkaia) eta Anartz Almortzak (Bergara, Gipuzkoa) nahiz Enaitz Tardiok (Tolosa, Gipuzkoa) eta Alvaro Cabezonek (Funes, Nafarroa).

Hasiberrien multzoan, berriz, bikote hauek aritu ziren: Mikel Caraman (Mutriku, Gipuzkoa) eta Mikel Albizu (Mutriku, Gipuzkoa), Jokin Jauregi (Andoain, Gipuzkoa) eta Iñigo Goikoetxea (Tolosa, Gipuzkoa), Iñaki Soraluze (Azpeitia) eta Andoni Zumeta (Asteasu, Gipuzkoa) eta Ander Martinez (Aretxabaleta, Gipuzkoa) eta Eneko Monreal (Beasain, Gipuzkoa). 

Hiruna minutuko txandetan aritu ziren bikoteak, zezenari adarretan ahalik eta uztai gehien jartzeko helburuarekin. Gogotik ahalegindu ziren guztiak ere, nahiz eta garbi gelditu zen lan erraza ez zela.   

Erakustaldiaren ondoren, behi bolaztatuak atera zituzten plazara, 16 urtetik gorakoentzat bakarrik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide