Ironman distantziako Mediterranean Epic Triathlon proba irabazi du Eider Bereziartuak. Peñota taldeko triatleta azpeitiarra izan zen nagusi atzo Oropesa del Marren (Herrialde Katalanak) jokatutako lasterketan. Partaideek 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika egin behar izan zituzten, eta Bereziartuak, proba hasi zenetik hamar ordu, zazpi minutu eta 26 segundo pasatuta igaro zuen helmuga.
Sei triatletak parte hartu zuten ironman distantziako emakumeen lehian. Bereziartuak ondo hasi zuen lasterketa; izan ere, bera izan zen osatu beharreko distantzia eginda uretatik azkarren atera zena (01:06:58). Bigarrenari eta hirugarrenari, Isabel Solsonari nahiz Idurre Larrañagari, minutu eta 11 segundoko aldea atera zien azpeitiarrak.
Alde hori handitu egin zuen bizikletako zatian; izan ere, Bereziartuak 5 ordu, 21 minutu eta 42 segundo behar izan zituen bizikletan 180 kilometro egiteko, eta ondorioz, bigarren postuan zen Solsonari hamasei minutuko aldea eta hirugarren postuan zen Ana Martinezi 27 minutukoa atera zizkien. Korrikako zatian ez zen nagusi izan Bereziartua, baina aurretik lortutako aldea aski izan zitzaion proba irabazteko. Izan ere, Solsonak 3:31:19 behar izan zituen 42 kilometro osatzeko, eta Bereziartuak hark baino lau minutu gehiago. Hala ere, azpeitiarra izan zen garaile, eta Solsona hamabost minutu geroaro helmugaratu zen.
Helburua lortuta, "oso pozik"
Probaren biharamunean Gukarekin hitz egin du Bereziartuak, eta hark "oso gustura" dagoela adierazi du. Podiumean sartzeko aukerak bazituela aitortu badu ere, irabazterik ez zuela espero esan du. "Ez ginen neska asko atzoko proban, eta hiruk genituen irabazteko aukerak. Ondorioz, banekien podiumean sar nintekeela, baina banekien irabaztea zaila izango zela ere", esan du.
Lasterketan "oso ondo" sentitu zela adierazi du. Urtetatik aurrena atera bazen ere, igerian ez zela ondo aritu aitortu du. Dena den, bizikletan egindako lanarekin gustura agertu da, "oso ondo" sentitu zelako. "Gaizkien korrikan ibiltzen naiz, eta beldurra nuenez, saiatu nintzen aurkariei aurretik aldea ateratzen. Korrika erritmo jakin bat hartu nuen, eta lortu nuen gehiegi ez sufritzea. Gainera, ez zidaten denbora asko kendu aurkariek".
Bereziartua "oso gustura" dago, atzoko garaipenarekin denboraldirako finkatu zuen helburu nagusia lortu duelako. "Irabaztea beti da ederra, baina askotan aurkariek lasterketaren menpe egoten da hori. Atzo borobil atera zitzaidan dena, egitea nuen lasterketa onena egin nuen, eta oso gustura nago", aitortu du.
Atzora arteko egutegia zuen finkatuta Bereziartuak, proba horixe irabaztea baitzuen jomugan. Orain, helburua lortuta, pixka bat "lasaiago" hartuko duela esan du, entrenatzen segituko badu ere, beste erritmo batean jardungo duela. "Udan egingo dut probaren bat, baina atzokoa zen denboraldiko helburu nagusia, eta igaro da dagoeneko. Bigarren helburu nagusia uda osteko Espainiako Txapelketa izango da, baina orain atseden hartuko dut".