Imanol Eliasen 'Hamaika egun Azpeitian' eleberria argitaratuko du udalak

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 29a

Imanol Elias artxiboko irudi batean.

Egilea hil eta hamahiru urtera argitaratuko du erakundeak haren lana, eta horrek erakusten du haren lanak fruituak ematen segitzen duela. Datorren ostiralean aurkeztuko dute nobela, 12:00etan, udal liburutegian. Jose Luis Otamendi eta Pello Elorza arduratu dira edizio lanez.

Imanol Elias (Azpeitia, 1936-Azpeitia, 2013) idazlearen Hamaika egun Azpeitian eleberriaren aurkezpen ekitaldia egingo du Azpeitiko Udalak datorren ostiralean, ekainaren 5ean. Egilea hil eta hamahiru urtera argitaratuko du erakundeak haren lana, eta horrek erakusten du haren lanak fruituak ematen segitzen duela. 

2013ko urtarrilaren 26an hil zen Elias, eta handik bi urtera haren liburuak-eta Azpeitiko Udalaren esku utzi zituen Itziar Oiarzabal Eliasen alargunak. Erakundeak Eliasen funts bibliografikoa osatu zuen, 2.000 liburu eta dokumentu baino gehiago jasotzen dituena, eta funts hori Udal Liburutegian dago 2016. urtetik.

Liburutegiko langileek topatu eta aztertu zuten, hain zuzen, datorren astean argitaratuko duten eskuizkribua, eta nobelak zuen balioa aintzatetsita, argitaratzea erabaki zuen udalak. Jose Luis Otamendik eta Pello Elorzak egin dituzte edizio lanak.

Udalak aurreratu duenez, bigarren karlistaden atariko Azpeitian girotutako lana da Eliasena. Nobela beltzaren eta kontakizun historikoaren arteko bidean, misterioa eta intriga batzen ditu eleberriaren tramak, baita garai hartako herriko bizimodua eta giro soziala erakutsi ere.

Datorren ostiraleko aurkezpen ekitaldia 12:00etan izango da, Udal Liburutegian bertan, eta herritarrak hara gonbidatu ditu udalak. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide