Azpeitiko Udalak zabaldu du saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaiak proposatzeko epea. Herritarrek ekainaren 12ra arte izango dute proposamenak egiteko aukera, eta bi bide jarri ditu erakundeak horretarako: txupinazoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidali edo udaletxean, igerilekuan nahiz liburutegian jarri dituzten postontziak baliatu. Norbanakoak edo taldeak izan daitezke hautagaiak, eta proposamena egiterakoan, horiek zergatik hautatu dituzten zehaztu beharko dute herritarrek.
Ekainaren 12tik aurrera, proposamen guztiak aztertuko ditu udaleko Festa Batzordeak, eta hainbat irizpide kontuan hartuta, lau finalista hautatuko dituzte; ekainaren 19an, ostiralez, emango dute horien berri. Honako hauek dira batzordeak kontuan hartuko dituen irizpideak: herriari egindako ekarpena zer-nolakoa den, bere arloan egindako lorpenak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana.
Ekainaren 19an bertan bozketa fasea zabalduko dute, eta herritarrek lau hautagaietako baten aldeko boza eman ahal izango dute. Bi bide jarriko dituzte botoa emateko: postontziak eta udalak bere webgunean jarriko duen galdetegia. Herritar bakoitzak boto bakarra emango duela bermatzeko NA zenbakia eskatuko dute (izen-abizenak ez, botoa isilpekoa izango delako). Ekainaren 30ean, festak hasteko hilabeteren faltan, jakinaraziko du udalak aurtengo San Inazio jaietako txupinazoa nork botako duen.
Aurten hirugarren urtez erabakiko dute herritarrek saninazioetako txupinazoa nork botako duen. Izan ere, duela bi urte jarri zuen parte hartze sistema hori udalak, eta orduz geroztik, bide beretik segitu du. Herritarrek hala erabakita, 2024an azokako ekoizleek bota zuten jaien hasierako suziria –Azpeitia Guka (Uztarria lehen) lau finalisten artean izan zen–, eta iaz, berriz, Kepa Susperregi Azpeitiko erretore ohiak.