Udaberriko Mendi Astean Pou anaiak izan dira bigarren saioko protagonistak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 28a

Eneko eta Iker Pou anaiak atzo, Soreasu antzokian. (Lagun Onak MB)

Atzo aurkeztu zuten eskalatzaile gasteiztarrek Lau elementuen erronka ikus-entzunezkoa, Soreasu antzokian bildutakoen aurrean. Mikel Lizarralde mendizalearen txanda izango da gaur, 19:00etan, Mendietxe museoan. Eibartarrak esklerosi anizkoitza eta mendirako zaletasuna nola uztartu dituen azalduko du. Xoxoteko egunarekin borobilduko dute Mendi Astea igandean.

Asteartean hasi zituzten Lagun Onak mendi bazkunakoek udaberriko Mendi Asteko hitzaldi eta ikus-entzunezkoen emanaldiak, Mendietxe museoan. Josu Merino eskalatzaileak eskaini zuen aurreneko saio hori. Atzokoan berriz, Iker eta Eneko Pou anaien txanda izan zen, Gasteizko eskalatzaileek Soreasu antzokian eskaini zuten saioa Lau elementuen erronka izenburupean osatu duten kontakizun ikusgarria aurkeztuz.

Gaur, berriz, Mikel Lizarralde mendizale eibartarrak hartuko du hitza, 19:00etan, Mendietxe museoan. Duela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Lizarralderi, baina hori ez du oztopo izan kirola egiten jarraitzeko, ezta mendiarekin zuen harremanari eusteko ere. Zazpi izeneko proiektuan bildu du gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik egin duen bidea, eta dokumental bat ere ondu du Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego herrikideekin batera. Ikus-entzunezko horrek, 2024ko Mendi Film jaialdian euskarazko film onenaren saria jaso zuen.

Xoxoteko Eguna, igandean

Txalintxora ibilaldia egin zuten hainbat gaztetxok joan zen igandean, eta datorrena, maiatzeko azken igandea izanda, Xoxoteko Eguna ospatuko du Lagun Onak mendi bazkunak. 09:00etan plazan jarri dute hitzordua, hala nahi duten herritarrak elkarrekin igo daitezen tontorrera. Hara iritsita, 12:00etan meza izango da, eta 12:45ean lore eskaintza egingo dute. Jarraian, dominak banatuko dituzte gaztetxoen artean, eta ondoren, paella jana egingo dute aterpean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide