Euskal Herria auzoko eremu bat eraldatzeko proiektua gauzatzen hasi berri da Azpeitiko Udala. Hain zuzen ere, auzo horretako 49 eta 13 zenbakidun etxeen arteko gunean, Izarraizpe haur eskolaren ondo eremuan, berdegune bat osatuko du erakundeak. Urteetan batere zaindu gabe izan da leku hori, eta orain "naturak presentzia handiagoa" izango duen gune berri bat egingo dute leku horretan.
2.000 metro koadro ditu eremuak, eta berdeguneak hartuko du leku gehiena. Dena den, eserleku batzuk ere jarriko dituela jakinarazi du udalak. Lanek 165.000 euroko aurrekontua izango dute, eta hiruzpalau hilabetetan bukatuko dituztela aurreikusten dute.
Gunea "txukundu" beharra zegoela azaldu du Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak; izan ere, haren hitzetan, Euskal Herria auzoan presentzia handia du asfaltoak. Eremu horretan egingo dituzten lanekin, herritarrek auzoan "arnasgune berri bat eta eremu atsegin bat" izango dutela esan du hark. Halaber, aterpe klimatikoen gaiak gero eta garrantzi handiagoa duela ere ohartarazi du, eta beraz, horri ere erantzungo diete obrek: "Bero handia egiten duen egunetan gerizpean egoteko aukera izango dute herritarrek".
Horrez gain, Amenabarrek esan duenez, irisgarritasuna hobetzea ere bada proiektuaren helburuetako bat. "Oinezkoentzako bide bat bada Euskal Herria auzotik bidegorrira jaisteko, baian ez ditu irisgarritasun baldintzak betetzen. Orain, lotura puntu hori zabaldu eta irisgarri egingo dugu, oinezkoentzat nahiz bizikletentzat erosoago eta seguruago izan dadin", erantsi du.
Bestalde, Izarraizpe haur eskolakoek ere berdegune handiagoa izango dutela jakinarazi du, eta umeek kanpora jolasera ateratzeko aukera ere bai.