Igande arratsaldean uztaidun errekortarien erakustaldia hartuko du Azpeitiko zezen plazak. Beste urteetan txapelketa formatuan antolatu izan du Kalian Gora elkarteak, baina aurten lehiarik ez da izango, dermatosi nodular kutsakorrak sortutako eragozpenak tarteko. Hala ere, ikuskizuna ziurtatuta dagoela iritzi diote antolatzaileek, Euskal Herriko zortzi bikote onenek parte hartuko dutelako. Iherrari eskainiko dioten ekitaldia 17:30ean hasiko da, eta sarrerak dagoeneko eros daitezke Mendizabal erretegian, Korralen, Jim Clarken eta Pastorkuan. 5 urtetik beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko; 5 eta 14 urte artekoek bost euro ordaindu beharko dute; eta 14 urtetik gorakoek hamar euro.
Hamasei errekortari jarriko dira Albara ganadutegiko zezenen aurrean, eta horietatik hiru azpeitiarrak izango dira: Xabier Iturralde, Unai Arellano eta Iñaki Soraluze. Bikoteka eta bi multzotan banatuta ariko dira: batetik, ligako bikoteak eta bestetik, hasiberriak. Ligako bikoteen artean daude Unai Arellano (Azpeitia) eta Xabier Iturralde (Azpeitia), Ander Lizarralde (Villabona, Gipuzkoa) eta Roberto Constanza (Orkoien, Nafarroa), Ander Gallastegi (Durango, Bizkaia) eta Anartz Almortza (Bergara, Gipuzkoa) nahiz Enaitz Tardio (Tolosa, Gipuzkoa) eta Alvaro Cabezon (Funes, Nafarroa). Aldiz, hasiberrietako bikoteen artean daude Mikel Caraman (Mutriku, Gipuzkoa) eta Mikel Albizu (Mutriku, Gipuzkoa), Jokin Jauregi (Andoain, Gipuzkoa) eta Iñigo Goikoetxea (Tolosa, Gipuzkoa), Iñaki Soraluze (Azpeitia) eta Andoni Zumeta (Asteasu, Gipuzkoa) eta Ander Martinez (Aretxabaleta, Gipuzkoa) eta Eneko Monreal (Beasain, Gipuzkoa).
Erakustaldiaren ondoren, behi bolaztatuak aterako dituzte plazara 16 urtetik gorakoentzat.