Oraindik eros daitezke Ene Kantaken igandeko emanaldirako sarrerak

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 26a

Ene Kantakeko kideak.

Bisonte mastodontearen bila ikuskizuna taularatuko du Ene Kantakek igande arratsaldean Soreasu antzokian. Sarrerak salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean, hamahiru eurotan.

Ene Kantak taldeak Bisonte mastodontearen bila ikuskizuna eskainiko du igandean, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta oraindik ere eros daitezke 2 urtetik gorako umeei zuzendutako emanaldirako sarrerak. Hamahiru eurotan eros daitezke horiek, Kulturaz.eus webgunean.

Bisonte mastondotearen bila ikuskizunaren azken emanaldia izango da Azpeitikoa, eta aurretik antzezlanak herriz herri izandako arrakasta nabarmendu du Ene Kantakek: "Azken hamalau hilabeteetan 40 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu eta 30.000 sarreratik gora saldu".

Nerea Urbizuk idatzitako izen bereko liburuan oinarritutako haurrentzako antzerkia da Bisonte mastodontearen bila, eta musikak garrantzi handia du emanaldian. Alaitz Olaizola antzerkigile azpeitiarrak egina da ikuskizunaren gidoia, eta bira haren herrian bukatzea bezalakorik ez dagoela azaldu du Urbizuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide