Astelehenean hasiko dituzte Izarraizko Atea parkeko ur eremua handitzeko lanak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 23a

Izarraizko atea parkeko ur txorroen eremua.

Umeen artean duen arrakasta ikusita, ur txorroen eremua da handituko duena Azpeitiko Udalak. Lehengoaren ondoan eraikiko dute eremu berria, elementu dinamikoekin. Lanean astelehenean hasita, ekainaren erdialderako bukatzea aurreikusi dute.

Eguzkiak berotzen duenean, uda sasoian batik bat, estimu handikoak izaten dituzte herritarrek leku freskoak eta bustitzeko aukera eskaintzen dutenak. Hala, Izarraizko Atea aisialdirako eremu garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari da Azpeitiko Udalaren esanetan. Hori kontuan hartuta, Izarraizko Ateako ur txorroen eremua handitzea erabaki du udalak. Lan horiek astelehenean hasi, eta ekainaren erdialderako bukatzea aurreikusi dute.

Lehen dagoen ur txorroen eremua bere horretan mantendu eta berria eraikiko dute ondoan, 16 metroko diametroko espazio biribila izango da. "Umeek asko gozatzen dute urarekin jolasean, eta azken urteotan arrakasta handia izan du txorroen eremuak. Hori dela eta, gune hori handitzea erabaki du udalak”, esan du Ander Larrañaga zinegotziak.

Gainera, ur txorroen eremuan hainbat elementu gehituko dituzte, Larrañagak aurreratu duenez: "Txorroak, ur arkuak eta bestelako elementu dinamikoak izango ditu eremuak, dozena bat inguru, erabiltzaileek urarekin modu askotara jolasteko aukera izan dezaten”. Ur txorroen eremua handitzeko inbertsioa eginda, herriak "udako aisialdirako gune are erakargarriago bat" izango duela nabarmendu du Larrañagak.

Etzi, astelehena hasiko dituzte lanak, eta obran ari diren bitartean, inguruko eremuan segurtasun neurriak ezarriko dituzte, udalak aurreratu duenez. Gainera, langileek Ikasberri ikastolako zenbait aparkaleku behar izatea ere aurreikusi dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide