Herriko gazteen errealitatea nolakoa den euren ahotik jakin nahi du Azpeitiko Udalak, eta horretarako, 16 eta 30 urte arteko herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du. Ikasketei, lan egoerari, bizitokiari, buru osasunari, norbere kezkei eta beste hainbat gairi buruzko galderak jasotzen ditu inkestako horrek, eta herriko gazte guztiek erantzutea nahi luke. "Hamar minutu baino gutxiagoan betetzeko moduko galdetegia da, baina informazio oso baliotsua emango digu etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko", adierazi du Ander Larrañaga Gazteria zinegotziak. Ekainaren 7ra arteko epea izango dute horretarako.
Herriko gazteen errealitateari buruzko diagnostikoa egiteko lanketa hasi du udalak, Aztikerren laguntzarekin. "Gai batzuek pisua hartu dute, hala nola buru osasunak, etxebizitzaren arazoak edo sare sozialek. Beste gai batzuk, berriz, bigarren mailara pasatu dira. Gazteen errealitateari buruzko susmo batzuk baditugu udalean, baina Azpeitiko gazteen beraien ahotik jakin nahi dugu nola bizi diren eta zer kezka dituzten", zehaztu du Larrañagak.
Prozesuak zenbait fase izango ditu, eta lehen pausoa izango da galdetegiko datuak aztertzea. Ondoren, bestelako iturri batzuetara ere joko dute informazio bila; esaterako, ere udal barruan eta adituekin elkarrizketak egingo dituzte Aztikerreko kideek, eta aurrez aurreko saioak ere bai gazteekin.