Garmendi auzuneko parkea eraberrituta, Urbitartekoa berrituko du udalak

Ihintza Elustondo 2026ko maiatzaren 21a

Urbitarte auzoko parkeak gaur egun duen itxura. (Azpeitiko Udala)

Garra enpresa gaur hasiko da Sanjuandegiko parkea eraberritzen, eta datozen egunetan inguruko hiru aparkaleku ez dira erabilgarri egongo. Aurrera begira, igerilekuaren aurreko estalpe berrian ere jolaserako elementuak jartzeko asmoa du udalak. 

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Urbitarte auzoko haur parkeak itxura berria izango du laster. Izan ere, gaur egungo parkea kendu egingo dute, eta jolaserako elementu berriak jarriko dituzte: habia motako kulunka bat, malguki jolasak, txirristadun egitura...

80 metro koadroko eremua hartzen du Urbitarteko parkeak. Garra enpresari esleitu dizkio udalak gune horretako obrak, eta gaur, osteguna, hasiko dira lanean. Parke zaharra desmuntatu ahal izateko, hesitu egingo dute eremua, eta hiru aparkaleku ez dira erabilgarri egongo datozen egunetan; edukiontzien ondokoak, hain zuzen ere.

Era berean, udalak jakinarazi du dagoeneko amaitu dituztela Garmendi auzuneko parkea eraberritzeko lanak. Gainera, aurrera begira, igerilekuaren aurrean egin duen estalpe berrian jolaserako elementuak jartzeko asmoa du udalak. Horrez gain, erakundeak adierazi du "etengabe jarraitzen" duela "gaur egun dauden gainerako parkeen mantenu lanekin" ere.

Garmendi auzuneko parkea, eraberrituta. (Ihintza Elustondo)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide