Igande arratsaldean hitzordu garrantzitsua du Lagun Onaken gizonen lehen taldeak Derioko (Bizkaia) Ibaiondo futbol zelaian. Jose Luis Riberak gidatzen duen taldeak Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzulerako partida jokatuko du han, 18:00etan hasita, eta zaleen babesak jokalariei indarra emango diela iritzita, Azpeititik Deriora joateko autobusa antolatu du klubaren zuzendaritzak.
Autobusa igandean 16:15ean abiatuko da Azpeititik, Garmendipe futbol zelaiaren paretik, eta han joan nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena. Horretarako, Garmendipeko leihatila zabalduko dute ostegun eta ostiral arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. 18 urtetik gorakoek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta kopuru horren barnean sartzen dira autobusaren kostua eta futbol zelairako sarrera. 18 urte baino gutxiago dituztenek, berriz, 5 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko, adin txikikoei partidarako sarrerarik ez kobratzea hitzartu dutelako bi klubek.
Joan den igandean, Garmendipen jokatutako joaneko partidan, Azpeitiko taldea 2-0 gailendu zitzaion Deriori; horrenbestez, bi golen errentarekin, kanporaketa nahikoa bideratuta duela ekingo dio itzulerako norgehiagokari.