Erraldoiekin eta herri kirol erronkarekin hasi dute Etxera Eguna

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 16a

Ikusmina piztu dute eguerdian plazan aurtengo berrikuntzek, euriak zerbait apaldu badu ere. 200 lagunek bazkalduko dute Azoka Plazan, 18:30ean egingo dute preso, iheslari eta deportatuen eguneko elkarretaratzea, eta kontzertuekin borobilduko dute jardunaldia gauean.

Azpeitian orain arteko formatuarekin egingo den presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko azken eguna martxan da. Eguerditik ari dira egiten Azpeitiko Sarek antolatutako Etxera Eguna herriko plazan. Ohiko krosik gabe, erraldoien dantzek eta ardi moztaileen, aizkolarien eta harri jasotzaileen erakustaldiek eta erronka konbinatuak bete dute eguerdi parteko egitaraua.

Ikusmina piztu dute erraldoiek, ume txikienen artean bereziki; Bergaratik eta Pasaiatik etorritakoek dantza dotoreak eskaini dituzte udaletxe aurrean, eta Azpeitiko bik eta buruhandiek ere egin dute pasiera herritarren aurrean. Helduxeagoen artean, berriz, ardi moztaileek sortu dute ikusmin handiena. Andoni Basurdea, Rael Punkia eta Josu Bikingoa –horrela aurkeztu dituzte beren buruak– aritu dira gaur Azpeitian, eta Premietxeberri baserriko 50etik gora ardiri moztu diete ilea, txanda eta molde desberdinetan.

Hasteko, bikingoak guraizeekin moztu die ilea bi ardiri. Lehen saio horren azken txanpan ekin dio euri jasak, ordea, eta ikusle dezentek jo dute aterpe bila. Ardi moztaileak eta ardiak eta Olaia Esnaola, Irati Osinalde eta Udane Ostolaza harri jasotzaileak Azoka Plazaren kanpoko estalpe txikiaren alde banatan jarrita aritu dira, eta kiosko atzean jarritako karpapean, berriz, Mikel Larrañaga, Eñeko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak; baina ikusleentzat ez zegoen aterperik. Herri kirol erronka konbinatuan, Txikia IV.ak, Esnaolak eta Bikingoak osatu duten taldeak bukatu ditu lanak azkarren.

Gauera arte

Plazan bi ikuskizunak garatu bitartean, Azoka Plazan ondorengo herri bazkarirako dena prestatzen aritu dira beste batzuk, 200 lagunentzako tokia eta paella prestatzen.

Bazkalondoren, umeentzako txokoa eta antzerkia izango dituzte, eta 18:30ean egingo dute plazan aurtengo elkarretaratzea. Gauean, berriz, kontzertuekin borobilduko dute jardunaldia. Hau da aurtengo Etxera Eguna osatuko duten ekitaldien zerrenda:

 

  • 16:30. Umeen gunea, plazan. Diskopuntx antzezlana.
  • 18:30. Elkarretaratzea Ezin da gehiago luzatu, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera lelo hartuta, plazan.
  • 21:30. Kontzertuak: Eraldatzen, Puntapaxa, Trikidantz eta Azax. Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan da.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide