Sukaldean orekatu eta antolatuta aritzeko gakoak erakutsi dituzte Aizpuruk eta Otegik

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 16a

Azokatik Mahaira egitasmoaren barruko sukaldaritza tailerra eskaini zuten atzo arratsaldean Azoka Plazan, aste osoko menuak ekinaldi bakarrean antolatzen erakusteko.

Landaola Gipuzkoako landa garapen agentzien federazioaren eta Gipuzkoako Azoken Sarearen eskutik, lurraldeko merkatu eta azoka plazetan batetik bestera dabiltza aurten ere Aitziber Aizpuru nutrizionista azpeitiarra eta Anne Otegi sukaldari ordiziarra, Azokatik Mahaira egitasmoaren barruan doako sukaldaritza tailerrak emanez.

Atzo, Azpeitian eskaini zuten tailerra. Azoka Plazan, bogan dagoen aste osoko menuen planifikazioa egiteko gakoak erakutsi zituzten Aizpuruk eta Otegik, beti ere tokiko eta garaiko elikagaien eta horien arteko oreka zaintzearen garrantzia azpimarratuta. Aste osorako menuak ekinaldi bakarrean antolatzen erakusteko, azalpenak eta praktika uztartu zituzten nutrizionistak eta sukaldariak, saioa jarraitzeko elkartu ziren 30 bat lagunen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide