Giro petralarekin hasi dituzte festak Aratzerrekan

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 15a

Eguraldi makurrarekin egin dituzte San Isidro eguneko eguerdira arteko ekintzak Aratzerrekan. Aitzurra igotzearekin batera bota dute auzoko festetako txupinazoa, eta segidan, hamaiketakoa, meza eta herri kirolak izan dituzte. Gaurko eguna bukatzeko auzo afaria egingo dute trikitilariekin. Igandean jarraituko du festak Aratzerrekan.

Gaur goizean aitzurra igo, txupinazoa bota eta sanisidroak hasi dituzte Aratzerrekan. Euria goian behean eta tenperatura freskoarekin egin dituzte eguerdira arteko San Isidro eguneko ekintzak. Hamaiketakoa egin dute aurrena, eta gero, meza izan da auzoko elizan Urrestillako parrokiako korukoek abestuta. Meza bukatutakoan, herri kirol erakustaldia eskaini dute Olaia Esnaola eta Irati Osinalde harri jasotzaileek eta Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek.

San Isidro eguneko ekintzak gaur iluntzean egingo duten auzo afariarekin eta trikitilariekin bukatuko dituzte. Igandean segituko dute sanisidroetako ekintzek Aratzerrekan.

Gaur, ostirala:

  • 20:30. Auzo afaria, trikitilariekin.

Maiatzak 17, igandea:

  • 16:30. Iagomago.
  • 17:30. Ume jolasak.
  • 18:30. Merienda.
  • 20:00. Aitzurraren jaitsiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide