Udan ere kirola egiten jarraitu ahal izateko ikastaro eskaintza zabala prestatu du Azpeitiko Udalak uztailerako eta irailerako. Haurrentzako, gazteentzako nahiz helduentzako kirol saioak antolatu dituzte igerilekuan, eta horietan izena emateko epea maiatzaren 25etik 29ra izango da zabalik.
Udalak udarako prestatu duen kirol eskaintzaren barruko berrikuntza nagusia 2-3 urte bitarteko umeentzako igeriketa ikastaro trinkoa izango da. Ikastaro berri hori eskaintzara gehituta, 2 eta 13 urte arteko umeek izango dute igeriketa ikastaroak egiteko aukera. Ekainaren 29tik uztailaren 17ra eta irailaren 7tik 25era izango dira haurrentzako igeriketako ikastaroak; saioak astelehenetik ostiralera egingo dituzte, egunero.
Haurrentzako eskaintzaz gainera, gazteentzako eta helduentzako ere hainbat jarduera prestatu dituzte: igeriketa teknifikazioa eta hastapenak, zumba, total gazte, cycling, pilates, GAP, total training, TRX, mantenu gimnasia eta gimnasia. Ikastaro horiek uztailean eta irailean egingo dituzte, eta hilabete bakar baterako edo bietarako izena emateko aukera egongo da. Udarako kirol ikastaroen eskaintza osoa eta prezioak hemen ikus daiteke.
Izen ematea maiatzaren 25etik
Kirol ikastaroetarako izena maiatzaren 25etik 29ra bitartean eman beharko da, eta izena emateko orriak igerilekuko harreran jaso ahal izango dira. Eskaintzaren inguruko zalantzak edo informazio gehiago nahi duenak ere igerilekuko harrerara joan beharko du edota 943-81 41 21 telefono zenbakira deitu.
Ikastaroetan gehienezko pertsona kopurua gainditzen den kasuetan, zozketa egingo dute. Taldeak osatzeko tokia dagoen bitartean ere izena emateko aukera egongo dela aurreratu du udalak.