3indarrok elektrotxarangarekin abiatu zen joan den larunbatean Euskal Herriko Elektrotxaranga Txapelketaren bosgarren edizioa, Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatuta. Larunbat honetan izango da txapelketaren bigarren saioa; Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla elektrotxarangak arduratuko dira oraingoan herriko Alde Zaharra girotzeaz. Lehen taldea 19:00etan irtengo da herriko plazatik Perez Arregi plazara, eta bigarren taldea 20:30ean abiatuko da Perez Arregi plazatik herriko plazara.
Orotara, zazpi taldek parte hartuko dute maiatzaren azken zapatura arte iraungo duen lehiaketan. Talde guztien emanaldien ondoren, epaimahaiak erabakiko du zein den Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioaren irabazlea. Aurten, gainera, hiru sari banatuko dituzte aurreneko aldiz. Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, elektrotxaranga irabazleak saninazioetan jotzeko aukera izango du.