Pozez zoratzen eta "ezin sinetsita" daude Ibai Ieltxu Rico gasteiztarra eta Irati Iglesias bilbotarra, eta nabari zaie. Murgian (Araba) bizi den bikotearentzat izango dira aurten Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF) ematen duten Joxe Takolo bekaren 4.000 euroak, "egundoko bultzada", esku artean duten Kokorotos Bike Life proiektua gauzatzeko: Singapur eta Euskal Herria bizikletaz lotu nahi dituzte Ricok eta Iglesiasek, Eurasia Zetaren Bidea jarraituz zeharkatuta, tartean "mendi jarduera arinak" eginez. Datorren "irailaren 1ean edo 2an" abiatu nahi dute Singapurretik, eta "hamar edo hamabi hilabetetan" osatu nahi dituzte Asiako hiri-estatua eta Euskal Herria arteko 12.000 kilometroak.
Gaur aurkeztu dituzte proiektuaren xehetasunak Ricok eta Iglesiasek Azpeitiko udaletxean, Jon Oteiza Kirol batzordeburuarekin batera. Oteizak azaldu duenez, Kokorotos Bike Life-n "originaltasuna" izan da Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren omenez ematen duten bekaren epaimahaiak erabakia hartzerakoan gehien nabarmendu duena. Zinegotziak "zorionak eta eskerrak" eman dizkie aurtengo bekaren irabazleei, eta epaimahaikideen lana zein gaurkoan parte hartu ezin izan duten EMFko kideena ere eskertu ditu Oteizak.
Zoriontsu, arin eta luze
Duela lau urte hasi ziren bizikletaz bidaiatzen Rico eta Iglesias, eta bidaiatzeko modu horri gorazarre egin diote aurkezpenean. "Zoriontsu bidaiatu nahi duenak, arin bidaiatu behar du", esan du Iglesiasek, Antoine de Saint-Exupery idazle eta abenturazalearen esaldia bere eginez: "Bizikletaz bidaiatu izan dugun aldiro, oso gutxi eraman izan dugu baina oso zoriontsu izan gara". Bizikletaz bidaiatzean izandako sentipen gozo horiek bultzatuta osatu dute Asia eta Europa zeharkatzera eramango dituen proiektua, "urte luze horretan gure etxe nomada sortzeko". Izan ere, bizikletarekin egindako bidaiek "pertsonenganako, naturarekiko eta kulturarekiko hurbiltasun berezi bat ematen" dietela nabarmendu du Iglesiasek, eta "kanpoan egondako bakoitzean etxean sentitu" izan direla.
Kirol ikuspegitik eta fisikoki izango duten "erronka izugarria" ahaztu gabe –Pamir aldeko mendiak zeharkatu beharko dituzte, besteak beste–, bidaiatzeko eta bizitzeko duten "filosofiaren" isla izango da, Ricoren esanetan ere, irailean hasiko duten abenturaren funts nagusia. "Ez dugu inongo errekorrik apurtuko", dio Joxe Takolo beka bigarrenez irabazi duen mendizaleak; 2015ean, Evan Miles eta Eñaut Izagirre kideekin batera aurkeztutako Incógnita Patagonia 2015 proiektuarekin jaso zuen Ricok beka.
Zoriontsu eta arin ez ezik, oraingoan luze ere bidaiatuko dute Ricok eta Iglesiasek, baina ez presaka. "Normalean egiten ditugun espedizioak laburragoak izaten dira, eta honek emango digu denbora luzeagoan gelditzeko aukera. Hemen eta orain bizitzeak ere garrantzi handia du guretzat", azpimarratu du Ricok. Kirol erronkaz gain, "barneko eta kanpoko esplorazioa" osagai oso garrantzitsua izango da Korokotos Bike Life proiektuan.
Sareak eta film bat
Bidean ikusitakoak eta ikasitakoak jasotzea, gordetzea eta munduarekin partekatzea ere nahi dute Ricok eta Iglesiasek. Bueltatzen direnean, beste batzuetan egin izan duten bezala, batean eta bestean aurkeztu nahi dituzte beren bizipenak, eta horretarako tresna berezia izango dute esku artean. Izan ere, Singapur eta Euskal Herria arteko urtebete inguruko bidaian hartutako irudiekin ordu erdi inguruko film laburra egitea da bikotearen helburua, proiektua osatzeko eta borobiltzeko.
Baina Korokotos Bike Life proiektuaren berri izan nahi dutenek ez dute urtebete itxaron beharko. Bidean igaroko dituzten hilabeteetan biziko dituzten esperientziak eta ezagutuko dituzten bazterrak, lagunak eta pertsonak sare sozialen bidez erakusten joateko asmoa dute Ricok eta Iglesiasek; Instagram bidez, hain zuzen.
Kontuak argi
Korokotos Bike Life proiektua gauzatu ahal izateko zenbat diru beharko duten kalkulatu, eta 23.000 euroko aurrekontua osatu dute Ricok eta Iglesiasek.
Kopuru horren bi heren beraiek beren poltsikotik jarriko dituzte, eta beste herena osatzeko "egundoko ekarpena" izango dira Joxe Takolo beka irabazteagatik eskuratuko dituzten 4.000 euroak. Horiez gain, Gofundme plataformaren bidez diru ekarpenak jaso ahal izateko finantzaketa kolektiboa martxan daukate, eta beste "aliantza batzuk" ere jorratu nahi dituzte, babesle gehiago aurkitzeko.