Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketan hiru sari banatuko dituzte aurten

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 5a

Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren antolatzaileak Azpeitiko plazan. (Azpeitiko Udala)

Larunbatean hasiko da Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioa. Datozen lau larunbatetan banatuta, zazpi taldek parte hartuko dute Azpeitiko Udalak eta AZTE Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatutako lehiaketan. Aurtengoan, lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria.

Datozen lau zapatutako arratsaldeetan elektrotxarangen doinuek girotuko dituzte Alde Zaharreko kaleak. Izan ere, Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioa egingo da, Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatuta.

Aurten, gainera, hiru sari banatuko dituzte aurreneko aldiz. Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, elektrotxaranga irabazleak saninazioetan jotzeko aukera izango du. Irabazleak aukeratzeko ardura musikan adituak diren epaimahaikideek izango dute, eta kontuan hartuko dituzten irizpideak honakoak izango dira udalak zehaztu duenez: musikaltasuna, sonoritatea, publikoarekiko interakzioa, errepertorioaren aniztasuna, euskararen erabilera eta parekidetasuna.

Zazpi taldek parte hartuko dute lehiaketan, lau larunbatetan banatuta. Larunbat honetan talde bakarra izango da joko duena, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak jokatuko direlako. 3indarrok elektrotxaranga ariko da, 20:30ean, Perez Arregi plazatik hasi eta herriko plazara artean. Gainontzeko hiru larunbatetan bina taldek parte hartuko lehiaketan; lehen taldea 19:00etan irtengo da herriko plazatik Perez Arregi plazara, eta bigarren taldea 20:30ean abiatuko da Perez Arregi plazatik herriko plazara.

  • Maiatzak 9, larunbata. 3indarrok elektrotxaranga, 20:30ean, Perez Arregi plazatik irtenda.
  • Maiatzak 16, larunbata. Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla elektrotxarangak.
  • Maiatzak 23, larunbata. Sakatu! eta Patxangoi elektrotxarangak.
  • Maiatzak 30, larunbata. OstiKda eta Skapaie elektrotxarangak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide