Mario Yllera madrildarra joan den larunbatean abiatu zen Madrildik oinez, eta ondo bidean, ostiral arratsaldean iritsiko da Azpeitira, hurrengo egunean Domusa Teknik 40 MLK lasterketa egiteko asmoa duelako. Lehendik ere ezaguna du proba hori, duela bi urte ere parte hartu baitzuen, eta ordukoan ere oinez iritsi zen Azpeitira, baina Ebroko urtegitik irtenda.
Gaixotasunei ikusgarritasuna ematea zuen orduko helburua, eta harrera familien zain egoitzetan bizi diren adin txikikoei laguntzea du oraingoa. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan 18 urtez azpiko 20.000 haur eta gazte bizi dira egoera horretan, alegia, egoitzetan, familia batek noiz hartuko zain, eta ume horiek babestea eta haientzat familiak topatzea helburu duen Madrilgo ADAMCAM elkartera bideratuko du lortzen duen diru guztia.
Egitasmo solidarioari ekarpena egin nahi dioten herritarrek lotura honetan dute aukera. Yllerak egunotan oinez egingo duen 585 kilometroko ibilbidearen zatiak eros ditzakete webgune horretan, 30 metroko zati bakoitza 2 euro ordainduta.