Espainiako txapelketetan podiumetik podiumera dabil Jexux Zelaia azpeitiarra. Joan den asteburuan Espainiako Mendi Federazioak antolatutako Kilometro Bertikalen Txapelketan brontzea irabazi ostean, asteburu honetan Espainiako Atletismo Federazioak (RFEA) antolatutako bi txapelketa jokatu ditu Palentzia aldean, eta batean urrea eta bestean zilarra kolkoratu ditu, biak ere 60 urtetik gorakoen sailean, Xeye ordezkatuz.
Zapatuan, kilometro bertikaleko txapelketa irabazi zuen azpeitiarrak Brañosen. "Ibilbidearen bukaera moztu zuten, ekaitzagatik, eta hiru lehenengoak sei segundoko tartean iritsi ginen helmugara, asko sufrituta", azaldu du. Bidaia baliatuta, igandean Aguilar de Campoon egin zuten RFEAren mendi lasterketen proban ere lehiatzea erabaki zuen Zelaiak, eta zilarra lortu zuen, "espero gabe", zortzi kilometroko ibilbide "gogorrari" bi bira eman ondoren eta irabazlearengandik minutu bat eta sei segundora helmugaratuta.
Manzisidor, bietan hirugarren
Baina Zelaia ez da izan asteburuan RFEAren mendiko txapelketetan lehiatu eta bikain aritu den azpeitiar bakarra.
Xabat Manzisidorrek ere bi probak egin zituen, kilometro bertikalarena eta mendi lasterketa, eta bietan igo zen podiumera Goierri Garaiarekin ari den azpeitiarra, 40 urtetik gorakoetan. Brontze banarekin itzuli da etxera, hain zuzen, Manzisidor.