Ireki dute Hanburgesa Festako bi lehiaketetan izena emateko epea

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 4a

Iazko Hanburgesa Festan hanburgesa jaten herritar batzuk. (Guka)

Maiatzaren 23an ospatuko da Azpeitiko Hanburgesa Festaren bosgarren edizioa; egun horren barruan, Azpeitiko hanburgesa onenaren lehiaketa eta Gipuzkoako harategien mailako hanburgesa lehiaketa jokatuko dira. Lehiaketetan parte hartzeko izena maiatzaren 14rako eman behar da.

Maiatzaren 23an ospatuko da Azpeitiko Hanburgesa Festaren bosgarren edizioa, Azoka Plazan. Bi hanburgesa lehiaketa jokatuko dira aurten ere: alde batetik, herriko hanburgesarik onenarena, herriko ostalariei parte hartzeko aukera eskainiz; eta bestetik, Gipuzkoako harategiei zuzendutako artisau hanburgesa onenaren lehiaketa. Bietan izena emateko epea zabaldu dute, eta maiatzaren 14ra arte egongo da izena emateko aukera.

Azpeitiko Udala, Ederto-Harakel, Bertan eta Dendartean dira Hanburgesa Festaren antolatzaileak. Egun horretan, hanburgesekin batera edaria ere eskainiko dute Izarraitz igeri elkartekoek, eta DJ bat ariko da 80ko hamarkadako musika jartzen, festa girotzeko. Gainera, bi lehiaketak egiten diren bitartean, Azoka Plazara joaten direnek hanburgesak dastatzeko aukera izango dute. 

Azpeitiko Hanburgesarik Onenaren Lehiaketa

Hanburgesa Festaren barruan, herriko tabernek eta jatetxeek beren proposamea aurkezteko aukera izango dute Azpeitiko Bigarren Hanburgesarik Onena Lehiaketara. Parte hartu nahi duten ostalariek hanburgesa berezi bat aurkeztu beharko dute, gehienez 20 euroko prezioa duena. Hanburgesa proposamen hori herritarrek dastatzeko moduan edukiko dute maiatzaren 18tik 22ra bitartean, eta bakoitzak bere kartan mantendu beharko du gutxienez ekainaren 21era arte. Epaimahai anonimo batek baloratuko ditu proposamenak modu anonimoan, eta kontuan. hartuko dutena da hanburgesaren zaporea, aurkezpena, originaltasuna eta prezio-kalitatea.

Izena emateko azkenengo eguna maiatzaren 14a izango dute ostalariek, eta izena Bertan merkatari elkartearen bidez egin beharko dute 943-02 56 73 telefono zenbakira deituta edota whatsappez idatzita nahiz bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Iaz Azpeitiko Hanburgesa Onenaren Lehiaketa Da tabernak irabazi zuen, bigarren Ertz tabernak egin zuen eta hirugarren Mendizabal erretegiak.

Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute herriko ostalarien parte hartzearen garrantzia, eta taberna eta jatetxe guztiak animatu dituzte bigarren edizio honetan parte hartzera. “Azpeitiko Hanburgesarik Onena Lehiaketa aukera ederra da tokiko eskaintza gastronomikoa indartzeko, establezimenduen lana ikusgarri egiteko eta herriko giro ekonomiko eta soziala dinamizatzeko", adierazi du udalak.

Harategien lehiaketa

Gipuzkoako harategien artean, Artisau Hanburgesa Onenaren Lehiaketa jokatuko da festa egunean. Parte hartuko duten harategiek beren proposamenak aurkeztuko dituzte eta epaimahai espezializatu bat izango da baloratuko duena produktuen kalitatea, osagaien konbinazioa eta aurkezpena.

Gipuzkoako Artisau Hanburgesa Onenaren Lehiaketan parte hartzeko izen ematea ere maiatzaren 14an bukatuko da, eta parte hartu nahi duten harakinek Ederto-Harakelen bidez eman behar dute izena 943-86 53 52  edota 671 64 34 88 telefono zenbakietara deituta edota ederto@ederto.com helbide elektronikora idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide