Gaur goizean egin dute Kale Pintura Lehiaketaren bosgarren edizioa Azpeitian, eta dagoeneko sariak ere banatu dituzte Betharrametako erakusketa aretoan egindako ekitaldian. Sari nagusia Mikel Sanzi ematea ebatzi du epaimahaiak, eta bigarren saria Fernando de Vicenterentzat izan da. Horrela, 800 euroko diru saria jaso du aurrenak, eta 500 eurokoa bigarrenak.
Herritar onenaren saria, berriz, 300 euroko diru saria, Asier Itulainentzat izan da. Ez da sari hori jaso duen lehen aldia; 2023an ere irabazi baitzuen. Hain zuzen ere, aste honetan bertan hitz egin du Gukak Itulainekin pintura lehiaketaren inguruan, eta asteartean artean erabakitzeke zuen gaur parte hartuko zuen ala ez. Azkenean baietz erabaki du, eta saria eta guzti eskuratuta joan da etxera.
Haurrek eta gaztetxoek ere izan dute parte hartzeko aukera, bi mailatan bereizita. Alde batetik, 12 urtetik 16 urtera arteko gaztetxoak jardun dira; eta bestetik, umeak, 12 urtez azpikoak. Gaztetxoetan, Jakes Agirrek aurkeztu duen lana izan da epaimahaiari gehien gustatu zaion; eta umeetan, Gurutze Benitezek egin duena. Arte material sorta bana jaso dute horiek sari gisa.
Antolatzaileek emandako datuaren arabera, denera hogei helduk eta bi umek parte hartu dute lehiaketan, eta goiz guztian jardun dira lanean, herriko hainbat txokotan; besteak beste, Jose Artetxe kalean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren parean, Alde Zaharreko kaleetan, Enparan dorretxearen inguruan eta Loiolan. Aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu du epaimahaiak sari banaketa ekitaldian, eta pozarren azaldu dira antolatzaileak lehiaketa bera egonkortzen eta izena hartzen ari delako.
Antolakuntza ona eta lehiaketa arina
Gaurko irabazlearentzat, esaterako, Azpeitiko lehiaketan parte hartu duen lehen aldia izan da, eta aitortu du herrian ere aurrez sekula egon gabea zela. "Duela pare bat urte hasi nintzen kale pintura lehiaketetan parte hartzen. Saiatzen naiz lehiaketak baliatzen toki berriak ezagutzeko, eta Azpeitikoaren berri izan nuenean parte hartzea erabaki nuen".

Gutxi gorabehera zer margotuko zuen erabakita etorri da iruindarra. "Interneten begira aritu nintzen eta ikusi nuen Loiolako basilikaren ingurua aukera bat izan zitekeela. Goizean ikustera joan naiz eta oso argi polita zegoela iruditu zaidanez, etxetik ekarritako asmoari eustea eta nire margolana hantxe egitea erabaki dut". Basilikaren kupula ageri da bere lanean, baina albo batetik margotuta.
Azpeitiko lehiaketaren antolakuntza ona nabarmendu du Sanzek. "Oso ondo zaindu gaituzte, hamaiketakoa eta guzti ekarri digute, eta aipatzekoa da baita zein azkar joan den dena. Behin lanak aurkeztuta, berehala izan da sari banaketa ekitaldia, eta arintasun hori eskertzekoa da, batzuetan luze jotzen baitu egunak".
Lehen saria jasotzea ustekabea izan dela aitortu du, baita poz handia hartu duela ere, eta lehiaketetan parte hartzen jarraitzeko gogoa ematen duela 800 euroko ordaina jasotzeak. Hurrengo urtean alaba eta biek parte hartzeko asmoa adierazi du, gainera. "Orain hasi da margotzen eta ilusioa handia egiten dit biok elkarrekin lehiaketetan parte hartzen hasteak".
Lehiaketan parte hartu duten margolariek egindako lan guztiak ikusgai izango dira bihartik hilaren 17ra bitartean, Betharrametako erakusketa aretoan.