Alberdi B serieko finalerdietara sailkatu da Egigureni 10-22 irabazita

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 2a

Unai Alberdi atzo, Julen Egigurenen kontrako partida irabazi berritan. Idiazabalgo frontoian. (EITB)

Julen Egigurenek nahikoa zuen 16 tanto egitea, baina Unai Alberdik ez dio aukerarik eman. 

Azpeitiko bi pilotariren arteko partida erabakigarria hartu zuen atzo Idiazabalgo (Gipuzkoa) Igarondo pilotalekuak: Julen Egiguren eta Unai Alberdi buruz buru, B serieko finalerdietarako txartelaren borrokan. Berez, Egigurenek aldeko zituen baldintzak, txartela bereganatzeko nahikoa baitzuen 16 tanto egitea; Alberdik, ostera, 22 egin beharra zeuzkan Egiguren 15etik pasatzerako. Baina Alberdi zailtasun guztiei aurre egiteko jarrera argiarekin atera zen aurreneko segundotik, eta hamasei pilotakada jotzerako 0-6 aurretik zen.

Ia ezer egiteko aukerarik ez zion utzi Egigureni, eta 176 pilotadaka eta  hiru ordu laurden aski izan zitzaizkion herrikidea lehiatik kanpo lagatzeko. Horrela, 10-22 irabazita, Alberdirena da finalerdietako txartela, eta gainera A multzoko taldeburu gisa igaroko da fase horretara, Rekalderekin batera. B multzoan, berriz, Amianok ziurtatuta du hurrengo faserako pasea, eta bigarrena zein izango den ostiralean erabakiko da Iurretan (Bizkaia), Muruaren eta Zubizarreta III:aren arteko partidan. Hain zuzen ere, partida horretako irabazlearen kontra jokatu beharko du finalerdietako norgehiagoka Alberdik maiatzaren 15ean, Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide