Hasi da Domusa Teknik mendi lasterketetarako atzera kontaketa

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 1a

Maiatzaren 9an, larunbatez, egingo dituzte Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak. Atzo banatu zizkieten mendi lasterketetan laguntzen ariko diren boluntarioei kamisetak, eta gero, aurkezpena egin zuten Sanagustin kulturgunean. Aurten, inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute bi probetan, eta hainbat dira lasterketak irabazteko faboritoen zerrendan diren kirolariak. Marea Urdinaren lekukoa hartuta, Ikasberri ikastolaren ondoko Gune Urdina Reala fundazioak kudeatuko du aurten.

Astebete baino ez da falta Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako, eta haren antolatzaileek nahiz sustatzaileek atzo egin zuten mendi lasterketaren aurtengo edizioaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean. Dozenaka lagunen aurrean eman zituzten probaren gaineko xehetasunak, eta aurkezpenaren aurretik, ohikoa duten legez, probaren egunean boluntario lanetan ariko diren herritarrei kamisetak banatu zizkieten. 

Mendi lasterketaren bosgarren edizioaren aurkezpena 19:00ak pasatxoan hasi zuten, eta proba antolatzeaz arduratzen den Lagun Onak Mendi Bazkunako Iker Ezama izan zen hitza hartzen lehena. Hark parte hartze datuak eman zituen: 40 MLK proban 580 korrikalarik parte hartuko dute –horietatik %15 emakumeak, iaz %8 izan ziren–, eta 15 MLK proban, berriz, 450ek –%50 emakumeak–. "Poliki" bada ere, emakumeen parte hartzeak gora egitea ahalbidetzen ari direla azaldu zuen Ezamak. "Indar berezia jarri dugu aurten Domusa Tekniken 15 MLK distantziako proban emakumeen parte hartzea %50ekoa izatea lortzeko". 

Halaber, proban parte hartuko duten korrikalari esanguratsuenak ere aipatu zituen: gizonetan, Julen Calvo, Pere Aurell, Ivan Calvo, David Prades, Borja Zubizarreta, Pello Berrizbeitia, Urko Arizeta, Unai Zialtzeta, Adur Mendizabal, Mikel Auzmendi; eta emakumeetan, Ragna Debats, Mayi Mujika, Naroa Uria, Ainara Arkarazo, Oihana Azkorbebeitia, Irati Azkargorta, Onditz Iturbe, Eneritz Aramendi, Jone Zenitagoia eta Miren Bastida.

Aurten ere, errekorrak hausten baldin badituzte, sari hainbat jasoko dituzte kirolariek. 40 MLK proban Gemma Arenasen 2024an ezarritako errekorra –07:04:56– eta gizonetan 2023an Borja Zubizarretak lortutakoa –05:53:33– hausten dituztenek 300 euroko ordaina eskuratuko dute. 15 MLK lasterketako errekorrak –Ikram Rharsallak 2025ean ezarritako 02:20:38 denbora eta Aritz Egeak 2024an erdietsitako 02:02:13 denbora– hausten dituztenek, berriz, ehun euro jasoko dituzte. Gainera, probaren bueltan bildutako dirua Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteari emango diote. 

Datuen berri eman ondotik, horrelako lasterketetan herrian duen garrantzia azpimarratu zuen Ezamak. Hark adierazi zuenez, Herritik herriarentzat da aurtengo leloa, eta hain zuzen ere, azpimarratu zuen 400 boluntario ingururen laguntza eta 80tik gora enpresa eta saltokiren ekarpena jasoko dutela. "Horrek erakusten du herria, era batera edo bestera, gure lasterketaren parte handi bat dela", esan zuen. 

Erakundeak bidelagun

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua ere aurkezpen ekitaldian izan ziren. Biek ala biek probaren garrantzia azpimarratu zuten, barnebiltzen duen guztiagatik. Alkortak, esaterako, aurtengo leloa ekarri zuen gogora, "oso ondo" deskribatzen duelako probaren esentzia. "Herritik antolatzen da Domusa Teknik lasterketa, eta herritar talde baten ekimenez sortutako proba da. Txalotzekoa eta eskertzekoa da halako jendea halako ardurak hartzeko prest egotea, eta ikaragarria da boluntarioak mobilizatzeko duzuen gaitasuna". 

Hark jakinarazi zuenez, probetan parte hartu izan duten lasterkariak "pozik" joan ohi dira lasterketak bukatzean Azpeititik, "oso zainduta" sentitzen direlako. Gainera, azpeitiarrentzat beste edozein festa egun bezain garrantzitsua bilakatu den hitzordua dela ere adierazi zuen. 

Dominguezek, berriz, bosgarren ediziora iritsi izanak "gauzak ondo" egin direla esan nahi duela adierazi zuen: "Iraunkortasunaren aldeko lan serioa eta antolatzeko nahiz zailtasunei aurre egiteko gaitasuna. Horiek gipuzkoar izaera oso ondo irudikatzen duten balioak dira; gauzak zorrotz egitearekin batera, alarde handirik gabe, bikaintasunez eta emaitzekin". Horiek kirolari estuki lotutako balioak direla azpimarratu zuen diputatuak. 

Haren hitzetan, Domusa Teknik mendi lasterketa baino gehiago da; izan ere, dinamizazio ekonomikoa, gizarte jarduera eta proiekzio turistikoa ere berarekin dakartza. "Horrelako ekitaldiek merkataritza laguntzen dute eta ostalaritzan aberastasuna sortu; eskualdea urte osoan bizirik mantetzen laguntzen dute. Hori ez dut nik esaten, hor daude datuak". 

Probari izena eman dion eta Errezilgo lurretan kokatuta dagoen Domusa Teknik kooperatibako Kontseilu Errektoreko Mikel Albisu ere izan zen aurkezpen ekitaldian, eta hark esker hitzak izan zituen proba posible egiten duten guztiei. "Luxu" bat da haren ustez horrelako ekitaldi bat herrian bizi ahal izatea, eta Domusak lasterketak aurrera segitzeko kompromisoa duela adierazi zuen. Aurtengoa kooperatibarentzat urte berezia dela adierazi zuen, halaber; izan ere, 50 urte betetzen ditu. Horregatik, eta eguna borobiltzeko, Suneren kontzertua izango da probaren egunean, 22:00etan, plazan. 

Reala fundazioaren gunea

Domusa Teknik proba lehen aldiz egin zutenetik, Marea Urdinak kudeatu izan du Ikasberri ikastolaren ondoko anoa gunea, baina aurten Reala Fundazioak beteko du gune urdina. Fundazio horren izenean, Leire Esnal Genuine Ligako jokalari eta entrenatzaileak hartu zuen hitza atzoko aurkezpenean. Haren hitzetan, inklusioaren aldeko halako egitasmoak egitea "oso garrantzitsua" da: "Modu horretan, eremu desberdinetan azaltzen gara desgaitasunen bat dugun pertsonak, eta hori ona da. Izan ere, aukera ematen digu guk ere gauzak egin ditzakegula erakusteko, bakoitzak bere ezaugarrien arabera. Pixka bat egokituz gero, ondo egin ditzakegu gauzak".

Esnalek Gune Urdin deiturikoan aurten ere parte hartuko duela azaldu zuen, aurretik ere, bi urtez, boluntario lanetan aritutakoa dela adierazita. "Horrelako lanak oso gustura egiten ditut. Beti oso ondo tratatu izan gaituzte Azpeitian, eta aurten ere laguntzen ariko naiz". Desgaitasunen bat duten pertsonei ere zuzendu zitzaien Esnal: "Denei esango nieke animatzeko eta Gune Urdinera joateko, gustura egongo direlako. Jendea ezagutzen duzu, harremanak egiten dituzu...". Gainera, Domusa Teknik probaren kamisetak Gipuzkoari ez ezik, Realari ere erreferentzia egiten diola esan zuen: "Txuri-urdina da, eta...". 

Egitaraua, prest

Hona hemen Domusa Teknik mendi lasterketen bueltan prestatu duten egitaraua:

Maiatzak 8, ostirala.

  • 10:30. Zure irrifarra nire indarra hitzaldia, LH5-6 ikasleentzat. Soreasu antzokian.
  • 15:15. Zure irrifarra nire indarra hitzaldia, LH5-6 ikasleentzat. Azkoitiko Baztartxo antzokian.
  • 17:00-19:30. Baserritarren azoka, Azoka Plazan.
  • 17:30-20:00. Dortsalen banaketa.

Maiatzak 9, larunbata.

  • Azpeitiko plazan

    • 06:00-07:30. 40 MLK probaren dortsal banaketa.
    • 06:00-08.30. 15 MLK probaren dortsal banaketa.
    • 07:15-07:45. Domusa Teknik 40 MLK probaren irteera gunea eta ekitaldia.
    • 08:00. 40MLK probaren irteera.
    • 08:30-08:45. Domusa Teknik 15 MLK probaren irteera gunea eta ekitaldia.
    • 09:00. Irteera.
    • 10:55. Domusa Teknik 15 MLK, lehen lasterkaria helmugan.
    • 13:45. Domusa Teknik 40 MLK, lehen lasterkaria helmugan.
    • 20:15. Sari banaketa eta boluntarioen artean Tenerifera bidaia zozkatuko da.
    • 20:30. Elektrotxaranga, Alde Zaharreko kaleetan.
    • 22:00. Süne musikariaren kontzertua, plazan.
    • 23:30. Bull DJa, Sanagustin kulturgunean.

  • Gune Urdina, Ikasberrin

    • 09:55. Domusa Teknik 15 MLK, lehen lasterkaria igaroko da.
    • 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak.
    • 11:00-18:00. Puzgarriak eta jolas inklusiboak, Reala fundazioaren eskutik.
    • 11:00-13:00. San Martin egoitzako egoiliarrak.
    • 12:00-16:00. Pintxoak eta edariak, Eusko Labelen eskutik.
    • 12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen lasterkaria igaroko da.
    • 17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken lasterkariei ongietorria.

  • Xoxote

    • 12:30-14:30. Paella, Xoxoteko aterpetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide