Lagun ugari batu dira gaur, astelehenez, Loiolako santutegian, atzo hil zen Jose Maria Guiberten hileta elizkizunean. Jesuita eta irakaslea atzo zendu zen, 63 urterekin, gaixotasun baten ondorioz, eta gaur eman diote hari azken agurra senideek, Jesusen Lagundiko kideek nahiz herritar hainbatek. Hileta hasterako hainbat izan dira Loiolako Santutegiko hil kaperara joan diren herritarrak, basilikan elizkizuna hasi aurretik.
Ondorioz, elizkizuna hasterako bete da basilika, eta jendeak zutik segitu du 19:00etan hasi den eukaristia. Erakundeetako hainbat ordezkari izan dira, gainera, gaurkoan Loiolan; besteren artean, Imanol Pradales lehendakaria. Harez gain, elizkizunean izan da Mikel Lezama PPren Gipuzkoako batzarkidea, baita Azpeitiko EAJko hainbat kide ere –Jabier Altuna udaleko EAJren bozeramailea, tartean–.
Elizkizuna Juan Jose Etxeberria jesuita eta Guiberten herrikideak gidatu du. Hain zuzen ere, Etxeberriak hartu zuen 2023an Guiberten lekukoa Deustuko Unibertsitateko errektore postuan. Gaurko elizkizunean unibertsitate horretako hainbat kide izan dira, baita Guibert Deustuko Unibertsitateko errektore izan zen sasoian EHUko errektore izan zen Nekane Balluerka ere.