Asteburua emankorra izan da Ibai Angulo (Domusa Teknik) eta Jexux Zelaia (Lagun Onak MB) mendi lasterkarientzat.
Atzo, Oñatin (Gipuzkoa), Aloñako Igoera irabazi zuen Angulok. 2.08.02ko denborarekin osatu zuen urrestildarrak 22,5 kilometroko luzera eta 1.868 metroko malda positiboa zuen ibilbidea. Lasterketaren lehen erdia burutik gertu baina bigarren tokian osatu zuen Angulok. Arantzazuko gainean harrapatu eta beherakoan pasatu zuten urrestildarrak eta bigarren izango zen Imanol Goñik ordura arte buruan ibili zen Irazu Aranburu, eta Goñi ere atzean uztea lortu zuen Angulok, helmuga bakarrik zeharkatzeko; 43 segundo atera zizkion Goñiri, eta 50 Aranbururi.
Zapatuan, berriz, Espainiako Kilometro Bertikalen Txapelketan lehiatu zen Jexux Zelaia Avilako Casavieja herrian, eta brontzezko domina kolkoratu zuen azpeitiarrak 60 urtetik gorakoen Master C mailan. Alacran mendatean jokatutako lehian, 52 minutu eta 56 segundo behar izan zituen azpeitiarrak 5,4 kilometroko distantzia eta 960 metroko malda zituen ibilbidea osatzeko. Espainiako Mendi Federazioak antolatutako txapelketa izan da joan den asteburukoa. Datorren asteburuan, Espainiako Atletismp Federazioak antolatutakoa jokatuko dute Palentziako Alto Campoon, eta han ere lehiatuko da Zelaia.
Jexux Zelaia, Espainiako Mendi Federazioaren txapelketaren hirugarren koskan, brontzezko dominarekin. (Utzitakoa)