Sañu Bizirik taldeak antolatuta, Sañoa Eguna ospatu dute gaur izen hori duen gailurrean. Aurtengo hitzordua "berezia" izan da, "Sañoa inguruko zelaiak txikitzekoa zen zentral eolikoaren proiektua atzera bota eta gero egin duten lehena izan baita". Antolatzaileek azaldu dute "garaipen kutsua" izan duela gaurko egunak, "hiru urte luzez auzotarrek, mendizale taldeek, naturaren kontserbazioaren aldeko elkarteek eta, oro har, herritarrek lurraldearen defentsan aurrera eramandako borrokaren emaitzaz gozatzeko" eguna izan delako.
Ospatzeaz eta gozatzeaz gainera, aldarrikapenak ere tokia izan du gaurko Sañoa Egunean, Sañu Bizirikek nabarmendu duenez, ezin baita ahaztu onartzeko dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) eskualdean bertan, Sañoatik gertu, Errezilgo Komisolatza ingurua, Aizarnako ibarra eta Beizama eta Bidania-Goiatz arteko mugartea "jopuntuan" ipini dituela, makroproiektuak direla eta –bai eolikoak, bai fotovoltaikoak–. "Izan ere, berriki zabaldu du Eusko Jaurlaritzak makroproiektu berriztagarrien hedapen azkarreko egitasmoa", gogoratu du taldeak.
Gaur Sañoara taldean joateko hiru udalerritatik antolatu ditu irteerak Sañu Bizirikek: Azpeititik, Zestoatik eta Errezildik bertaratu dira hainbat lagun. Behin Sañoara igotakoan, goiza girotzeko trikitilariak eta auzotarrek eskainitako salda eta mokadua izan dituzte bertaratu diren guztiek.
(Argazkiak: Sañu Bizirik)