Gaur, apirilak 26, Gernika bonbardatu zuteneko 89. urtemugaren eguna da, eta data hori baliatu nahi izan dute Egurnika proiektukoek egingo duten lanari lehen kolpeak emateko, eta lanerako erabiliko duten lokala aurkezteko.
Iazko urtearen bukaeran hasi zuten Pablo Picassoren Gernika margolana egurrean egiteko Egurnika proiektua Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegikoek, beste hainbat herritarren eta eragileren laguntzarekin. Margolanaren errepresentazioa tamaina errealean, egurrean eta taillatuta egin nahi dute 2037ko apirilerako, Gernikako bonbardaketaren mendeurrenerako.
Proiektua aurkeztu, eta taillatzen hasi aurreko hainbat lan egin dituzte proiektuko parte hartzaileek, hala nola lehen marrazkiak egin dituzte eta Azpeitiko Udalak zezen plazan (eskuinaldean) utzi dien lokala lanerako prestatu eta atondu dute. Gaur, goizean, berriz, lokala nahiz proiektua ezagutu nahi dutenentzat ateak ireki dituzte, eta egurraren gainean lehen kolpeak eman dituzte tailla ikasten ari diren hiru ikaslek, eta baita beste hainbat helduk ere. Era berean, Miriam Quintanak Azpeitiko tailugileen omenez egindako Izan zirelako gara pintura erakusketa jarri du erakusgai lokalean bertan; Quintanak esan duenez, erakusgai jarritako lanak hasieran egindako batzuk dira eta bilduma osatzen joatea da bere asmoa.
Buztinarekin irudiak egiteko tailerra ere egin dute gaur Egurnikaren lokalean, baita proiektua laguntzeko salgai jarritako materiala erosteko aukera ere.
Egurnikaren lokala ikusteko bisita gidatuak antolatuko dituzte, eta bihar dute talde batekin aurrenekoa. Bisita egiteko hitzordua Arte eta Diseinu Ikastegikoekin harremanetan jarrita hartu behar da, 688 75 18 87 telefono zenbakira deituta.