Euskal Herriko Sketchcrawl Taldeak antolatuta, marrazketa topaketa egin dute Azpeitian, 60 lagun elkartuta. 10:00etan elkartu dira topaketako parte hartzaileak Burdinbidearen Euskal Museoan, eta bertan, Azpeitiko Udaleko ordezkariek nahiz Arte eta Diseinu ikastegikoek harrera egin diete. Behin museora sartutakoan, ordubete pasatxo izan dute txokoren batean jarri eta marrazten jarduteko. Ondoren, trenez joan-etorria egin dute Lasaora.
Bazkaltzeko Sanagustin kulturgunean bildu dira Sketchcrawl Topaketakoak, eta arratsaldean, Alde Zaharrean ibiliko dira marrazten.
Nazioartean hiru hiletik behin egiten dituzten topaketen 91. aldia izan da gaur egin dutena eta Euskal Herriko Sketchcrawl Taldeak Arte eta Diseinu ikastegiaren nahiz Azpeitiko Udalaren laguntzarekin prestatu du hitzordua. Halako topaketa bat 2012an egin zuten aurreneko aldiz Euskal Herrian, eta ordutik hainbat hitzordu egin dituzte han eta hemen, baina gaurkoa izan da Urola Kostan egindako aurrena.