Aldarrikapena eta festa, Gazte Asteko ekintzen barruan

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 25a

Gazte Astean murgilduta daude Azpeitiko Gaztetxeko kideak, eta egitarau horren barruko egun potoloenetakoa izan dute ostiralez. Dantza poteoa, parrillada eta parodia egin dituzte, giro ederrean. Gaur, Xoxotera Igoera proba jokatuko dute. 

Arratsalde-iluntze borobila izan zuten Azpeitiko Gaztetxeko kideek atzo, ostiralez; izan ere, Gazte Astean murgilduta daude astelehenaz geroztik, eta egitarau horren barruko egun potoloenetako bat izan zuten atzo. Aldarrikapena eta festa uztartu zituzten. 18:00etatik aurrera, dantza poteoa egin zuten hainbat dantzarik trikitilarien laguntzarekin, eta plazarik plaza erromeria giroa ezarri zuten, plaza nagusira iritsi arte. Han, sabelak betetzeko, parrillada egin zuten, eta hura amaitzean, 22:00 aldera, hasi zuten Gazte Astearen barruan umorezaleen hitzordu gustukoen bilakatu den parodia. Jende ugari elkartu zen udaletxearen azpiko arkupeetan, eta giro ederra sortu zen. 

Gaur bukatuko dituzte Gazte Asteko ekintzak. Xoxotera mendi irteera egingo dute goizean, eta 11:00etan, Xoxotera Igoera proba. Lasterketaren ostean, hamaiketakoa egingo dute Xoxoten bertan, baita sari banaketa ekitaldia ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide