60 bat lagun elkartuko dira biharko Sketchcrawl Topaketan

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 24a

Azpeitiko Udaleko, Arte eta Diseinu Ikastegiko nahiz Euskal Herriko sketchcrawl taldeko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Euskal Herriko sketchcrawl taldeak marrazketa topaketa antolatu du biharko Azpeitian. Egun osoan zehar marrazten jardungo dute partaideek herriko hainbat lekutan. Eskualdean nazioarteko topaketa horren barruko hitzordu bat egiten duten aurreneko aldia da.

Euskal Herriko sketchcrawl taldeak marrazketa topaketa antolatu du biharko, larunbata, Azpeitian, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, 60 bat lagun elkartuko dira egitasmoan parte hartzeko. Hain zuzen ere, marrazketa azkarraren maratoi moduko bat egingo dute biharkoan, partaideek herriko txoko hainbatetan marrazten igaroko baitute eguna.

Ez da lehiaketa egingo dutena, topaketa baizik, eta beraz, sormen kolektiborako egitasmoa izango da. 10:00etan elkartuko dira parte hartzaileak Burdinbidearen Euskal Museoan, eta trenez joan-etorria egingo dute Azpeitia eta Lasao artean. Gero, Sanagustin kulturgunean bazkalduko dute, eta arratsaldean Alde Zaharrean barrena jardungo dute marrazten. Jardunaldia plazan bukatuko dute, taldeko argazkia aterata. Biharko egunez gauzatzen dituzten margolan guztiak sare sozialetan partekatuko dituzte egitasmoaren antolatzaileek.

Nazioartean hiru hiletik behin egiten dituzten topaketen 91. aldia izango da biharkoa, eta Euskal Herriko sketchcrawl taldeak Arte eta Diseinu ikastegiaren nahiz Azpeitiko Udalaren laguntzarekin prestatu du hitzordua. Halako topaketa bat 2012an egin zuten aurreneko aldiz Euskal Herrian, eta ordutik hainbat hitzordu egin dituzte han eta hemen, baina orain arte ez dute gauzatu Azpeitian, ezta Urola Kostan ere.

Sketchcrawl Topaketa

  • 10:00. Burdinbidearen Euskal Museoan elkartuko dira.
  • 12:00. Trenean bidaia egingo dute Azpeitia eta Lasao artean.
  • 14:00. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean.
  • 16:00-18:00. Azpeitiko Alde Zaharrean jardungo dute marrazten.
  • 18:00. Agurra eta taldeko argazkia, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide