Iktusaren kontrako lasterketan, nekaezin

Aitziber Arzallus 2026ko apirilaren 22a

Iñigo Uriarte bilbotarra, lasterketa bat bukatu berritan. (Utzitakoa)

Iktus bat izan eta gero, atzera mendian korrika egitera bueltatu da Iñigo Uriarte mendi korrikalari bilbotarra, eta hilaren 29an hitzaldia emango du Azpeitian, Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzaileek gonbidatuta.

iñigo Uriartek (Bilbo, 1977) atsegin zuen bere bizimodua, bere egunerokoa. Gustuko lana zuen, ez zen estresatuta bizi, elikadura zaintzen zuen, lo ondo egiten zuen eta kirolaria zen. Mendian korrika egitea gustatzen zitzaion, baita mendiko lasterketetan parte hartzea ere, etxe ondokoetan zein urrutiagokoetan. "Oporrak baliatzen nituen horretarako. Korrika egindakoa naiz Madeiran, Chamonixen, Kanarietan... Ehun bat kilometrora arteko probak egiten nituen, eta lasterketa garrantzitsu guztietan parte hartutakoa nintzen".

Gaztea zen, bizimodu osasuntsua zuen eta sasoiko eta indartsu sentitzen zen; ezer txarrik ezin zezakeen espero, beraz. Baina, aurrez inolako abisurik gabe, kolpe gogorra eman zion bizitzak: iktus edo buruko atake bat. 2022ko azaroaren 23an izan zen hori, duela hiru urte eta erdi, 45 urte zituela. "Arratsalde hartan etxetik ari nintzen lanean eta gogoan dut bat-batean sekulako buruko mina jarri zitzaidala, sekulako zarata entzuten nuela buru barruan, eta zerbait oso larria gertatzen ari zitzaidan sentipena izan nuela". Bere hitzetan, "zortea" izan zuen bere iktusa oso mingarria izan zelako. "Denak ez dira izaten horren mingarriak, baina nirea bai, eta horrek azkar erreakzionatzera bultzatu ninduen, ahal nuen moduan".

Oherantz abiatu zen, baina korridorean etzanda gelditu zen. "Konbultsioak nituen, botaka egin nuen, baina, hala ere, eskuineko poltsikotik telefonoa hartu eta 112ra deitzeko gai izan nintzen". Horretan ere "zortea" izan zuela dio, telefonoa ezkerreko poltsikoan izan balu, ezingo zukeelako atera, gorputzaren ezkerraldea guztiz geldituta zuelako. Gogoan du sudurrarekin desblokeatu zuela telefonoa, aurpegia desitxuratuta zuenez, gailuak ez zuelako ezagutzen. "112ra deitu nuen, baina ez nintzen gai izan ezer esateko, ezin bainuen ahoskatu". Bitan deitu zuen larrialdietako zenbakira, eta oroitu du bigarren deiaren aurretik bere buruari nola esan zion bost segundo zituela esan beharrekoak esateko. "Izena eta helbidea eman nizkien, eta hiltzen ari nintzela esan nien".

Larrialdietako langileek horrekin nahikoa izan zuten Iktus Kodea martxan jartzeko eta Uriarterengana abiatzeko. Bitartean, korridoretik atera arteko hiru metroak arrastaka egin zituen berak, nola edo hala etxeko atea zabaltzeko. "Hanka atetik kanpora atera nuen eta hantxe gelditu nintzen dena bukatu zela pentsatuz". Gerora medikuek aitortu zioten sasoiko egoteak lagunduko ziola bizitza salbatzeko mugimendu horiek gauzatzen, beste azalpenik ez zutela, Uriarteren iktusa oso handia eta larria izan baitzen.

Erantzun azkarra

Lurrean etzanda zegoela, gorputz guztian sekulako mina sentitzetik, ezer ez sentitzera igaro zela esan du, eta bere burua eta familiartekoak ikusten hasi zela. "Eta bat-batean, beste aldean bi ertzain agertu zitzaizkidan, animoak ematen eta ez etsitzeko esaten. Oso xelebrea izan zen; aluzinazioak eta errealitatea aldi berean ikusten nituen".

Ez du beste oroitzapenik ospitaleko ohean esnatu zenera arte, eta han, gurasoak zituen parez pare. Medikuek hainbat galdera egin zizkioten Uriarteri, eta denak gaizki erantzun zituela ikusita, tronbektomia egitea beharrezko jo zuten, bestela hil egingo zelako. "Izterrondotik kateter bat sartzen dizute, odolbildua zeharkatzen dute eta atera egiten dute, magia hutsa, baina soilik iktusa atzeman eta lehen 4-6 orduetan egin daiteke hori. Beraz, iktusen kasuan oso garrantzitsua da azkar atzematea, eta, zorionez, oso erraza da hori, sintomak nabarmenak izaten direlako".

Hain zuzen ere, hori zabaltzea du helburu Uriarteren FAST112 proiektuak. FAST izena jarri dio ingelesez horrela laburbiltzen dutelako iktusa atzemateko arreta jarri beharreko sintomen multzoa: face (aurpegia), arm (besoa), speech (hizketa) eta time (denbora). Eta horri 112 erantsi dio, larrialdietako zenbakia delako. "Denok jakingo bagenu iktus batean aurrean nola jokatu, bizitza asko salbatuko genituzke, baita ondorioak arinagoak izatea ahalbidetu ere. Hori da jendea kontzientziatzeko nahiaren helburua". Sare sozialen bidez ere aritzen da horretan, Ictuencer izenarekin. Adituen aurreikuspenen arabera, 25 urtetik gorako lau herritarretatik batek izango du iktusa, eta geroz eta gazteagoei eragiten ari da, "estresagatik", Uriarteren arabera.

Laster ekin zion errehabilitazioari bilbotarrak. "Esaten dute urtebeteko epea egoten dela horretarako, baina nik esango nuke gerora ere hobetzen joateko aukera badagoela". Medikuek bizitza lasaia egiteko agindu zioten, eta hasiera batean, ez zuen uste sekula mendian korrika ibiltzera bueltatuko zenik, harik eta kardiologo batek honakoa esan zion arte: "Mendian korrika sekula ez zaizu ezer gertatu, eta lanean ari zinela, ia akabatu egin zara. Badakizu zer egin behar duzun". Horrela, pixkanaka-pixkanaka, korrika hasi zen, lasterketetara itzuli arte. Berriz mendira itzultzea sekulakoa izan zela aitortu du, "bizitza eman diola", eta "negar eta guzti" egindakoa dela, baina lan asko egin behar izan du horretarako, eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere. "Iktusaren ondorioei ez ezik, beldurrari ere aurre egin behar izan diot, eta antolatzaileei zein alboan egokitzen zaizkidan korrikalariei kontatu egiten diet nire egoera, jakinaren gainean egon daitezen".

Laguntzeko nahia

Izan ere, berekin daramatza beste iktus bat izateko arriskua zein lehengo iktusaren ondorioak, horiek bizitza guztirakoak baitira. "Azkenean, iktus batek buruko konduktu bat hausten du, eta horrek ondorioak ditu: memoria arazoak, ibiltzeko zailtasunak, ahoskatzekoak... Batzuk hobeto errekuperatzen dira, beste batzuk okerrago; batzuen zailtasunak nabarmenagoak dira, beste batzuenak ez dira horren agerikoak; baina ondorioak denok ditugu, eta horiek gurekin eramango ditugu bizitza guztian". Bera, pasatutakoa pasatuta, nahiko ondo dagoela dio, eta horregatik, okerrago daudenei lagundu nahi diela. "Ni mendian korrika ikusten nautenez, bizitza normala egin dezakedala uste dute askok, baina inolaz ere ez. Mendian korrika ibiltzen naiz, bai, baina nire bizitza ez da batere samurra; kontua da ondo eramaten dakidala".

Uriarte apirilaren 29an, asteazkena, Azpeitian izango da Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzaileek gonbidatuta, Lourdes Oiarbide txirrindulari ohiarekin batera. Azoka Plaza gaineko aretoan emango dute hitzaldia, 18:30ean hasita, eta iktusaz, beren esperientziez, FAST112 proiektuaz eta abarrez jardungo dute bi kirolariek, eta maiatzaren 9an, lasterketa egunean, zer egiteko asmoa duten ere jakinaraziko dute, biak ala biak baitira proba luzean parte hartzekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide