Bertsozaleek bi hitzordu izango dituzte aukeran ostiralean

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 22a

'Bota bildurrikpe!' bertso saioaren aurreko edizio bat. (Utzitakoa)

Bertsotako bi hitzordu antolatu dituzte ostiralerako Azpeitian. Batetik, Gelatik Plazara finala izango da, 17:30ean, Sanagustin kulturgunean; eta bestetik, Bota bildurrikpe! bertso saioa, 22:30ean, Haginpen.

Ostiralean bertsotako bi hitzordu izango dira Azpeitiko bi tokitan. Arratsaldean, bertso eskoletakoen Gelatik Plazara egitasmoko finala izango da Sanagustin kulturgunean, eta iluntzean, berriz, goi mailako lau bertsolarik kantatuko dute Bota bildurrikpe! saioan Haginpe tabernan.

Gelatik Plazara egitasmoa Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean antolatutakoa da. 14 urtez azpiko ikasleek parte hartzen dute, bi mailatan banatuta. Azpeitian ostiralean 17:30etik aurrera  Sanagustin kulturgunean izango den saioan DHB 1 eta 2 mailako ikasleen finala jokatuko da. Aurrez kanporaketak jokatu dituzte eta honako bost talde hauek sailkatu dira finalerako: Intxaurrondo, Oiartzun, Tolosa-Gaztelu, Orio eta Oñati.

Goi mailako bertsolariak

Bosgarren urtez jarraian, Bota bildurrikpe! bertso saioa antolatu du Haginpe tabernak, eta beste behin, goi mailako bertsolariak ariko dira zein baino zein Haginpen. Ostiralean, 22:30etik aurrera izango da aurtengo Bota bildurrikpe!, eta oraingoan ere lau bertsolariren jardunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren bertsozaleek. Hain zuzen, Aitor Mendiluze, Libe Goenaga, Andoni Egaña eta Aitor Bizkarra izango dira etzi Haginpen kantuan jardungo dutenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide