Joan den larunbatean irabazi zuen Espainiako Kopa Realak, Atletico Madrili penaltietara irabazita Sevillako Cartuja estadioan. Unai Marrero Realeko atezainak balentria ederra erakutsi zuen finalean, eta hura izan da garaipenaren protagonista nagusietako bat. Marrerorekin batera, Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisiko azpeitiarra ere Realaren gizonezkoen talde nagusikoa da. Horiei biei harrera ekitaldia egingo diete Azpeitian ostegunean, 19:00etan, plazan. Udalak, Lagun Onak eta Ikasberri futbol taldeek antolatu dute ekitaldi hori. Realeko bi kideak udaletxeko balkoira aterako dira, eta handik herritarrak agurtzeko aukera izango dute.
Udalak aurreratu duenez, harrera ekitaldia "xumea" izan arren, herriak duen poza adierazteko aukera balioko du. "Ederra da herri bat pozak gainezka ikustea, eta zalantzarik gabe, poza da nagusi Azpeitian Realak Espainiako Kopa irabazi zuenetik. Gainera, Unai Marrero herritarrak larunbateko finalean edukitako protagonismoak oraindik eta bereziago egin du garaipena. Herritar asko izan dira atezainari zorionak emateko eta miresmena adierazteko gogoa agertu dutenak", adierazi du udalak. Realaren garaipen historikoaren atzean, jende askoren ahalegina dagoela kontuan hartuta, Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisiko azpeitiarrari ere harrera egingo diete. "Haren lana isilpekoagoa den arren, funtsezkoa da futbolarien errendimenduan, eta osteguneko ekitaldian lan horren aitortza jaso ahal izango du hark ere", erantsi du udalak. Hala, txuri-urdinez jantzita herritarrak etzi plazara animatu ditu udalak.