Iazko urtearen bukaeran hasi zuten Pablo Picassoren Gernika margolana egurrean egiteko Egurnika proiektua Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegikoek, beste hainbat herritarren eta eragileren laguntzarekin. Margolanaren errepresentazioa tamaina errealean, egurrean eta taillatuta egin nahi dute 2037ko apirilerako, Gernikako bonbardaketaren mendeurrenerako. Proiektua Sanagustin kulturgunean aurkeztuta hasi zuten, eta ordutik hainbat lan egin dituzte; besteak beste, egurrak herrira ekarri dituzte, taillatzen hasi baino lehen marrazkiak egin dituzte eta Azpeitiko Udalak zezen plazan utzi dien lokala lanerako prestatu eta atondu dute.
Datorren igandean, apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuteneko 89. urtemuga egunean, lokala inauguratuko dute Egurnika proiektuaren sustatzaileek. Lokala nahiz proiektua ezagutu nahi dituztenentzat ateak irekiko dituzte, eta goiz osorako egitaraua prestatu dute. Egun horretan, haurrek buztinarekin Gernika margolaneko irudiak sortzeko aukera izango dute, eta Miriam Quintanak Azpeitiko tailugileen omenez egindako Izan zirelako gara pintura erakusketa egongo da ikusgai.
Apirilak 26, igandea
- 10:00. Egurnika lokalaren irekiera, harrera eta talde argazkia, zezen plazan.
- 11:00-12:30. Umeentzako buztin tailerra, zezen plazako lokalean. Gernika margolanaren irudiak egingo dituzte.
- Bukaeran, mokadutxoa izango da.
- Goiz guztian zehar, Izan zirelako gara margolan erakusketa, Miriam Quintanaren eskutik. Azpeitiko tailugileen omenez.
- Goizean zehar, Egurnika kamisetak eta poltsak erosteko aukera.

Egurnika proiektuaren lokalaren atea, Azpeitiko zezen plazaren eskuinaldean. (Adi)