Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduari buruzko solasaldiarekin ekin diote Gazte Asteari

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 21a

Hainbat lagun atzoko solasaldian, Gaztetxean. (Utzitakoa)

Arratsaldean hasi zuten Gazte Astea, Gaztetxearen atarian suziria bota ostean Imanol Satrustegik eskaini zuen solasaldiarekin. Ostegunean geopolitikari buruzko hitzaldia izango da, eta ostiralean, berriz, dantza poteoa, parrillada eta parodia. Zapatuan Xoxoteko Igoera egingo dute.

Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) historiari buruzko solasaldiarekin hasi zuten atzo Azpeitiko Gaztetxeko kideek antolatutako Gazte Astea. Atarian suziria bota ostean, dozenatik gora lagun elkartu ziren Gaztetxean bertan, Imanol Satrustegiren solasaldia entzuteko. Hark ENAMen ibilbideari buruzko azalpenak eman zituen jendaurrean. Gaztetxeko kideek ikasturtean zehar izan diren urtemugak eta efemerideak ardatz antolatu zuten Satrustegiren hitzaldia: 50 urte bete dira Txiki eta Otaegi hil zituztenetik, Franco hil zenetik eta Martxoaren 3tik. Satrustegi historialaria, ikerlaria eta EHUko irakaslea da. 

Ostegunean segituko dute egitarauarekin; izan ere, Jon Kortazarrek Geopolitika: inperialismoa krisian izeneko hitzaldia eskainiko du egun horretan, 18:00etan, Gaztetxean. Kortazar historialaria eta Geopolikaz ikerketa taldeko kidea da.

Aldarrikapen nahiz festa ekintzetan murgilduko dira hurrengo egunean ere, dantza poteoa, parrillada eta parodia egingo baitituzte plazan.

Gazte Astea larunbatean bukatuko da, baina ordurako ere prestatu dituzte hitzorduak. Zehazki, Xoxotera mendi irteera egingo dute goizean, eta 11:00etan Xoxotera Igoera proba egingo dute. Hamaiketakoa bukatzean, proba horren sari banaketa egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide