Ezin hobeto hasi du triatloi denboraldia Eider Bereziartuak. Joan den zapatuan, sasoiko lehen proban, nagusi izan zen azpeitiarra Canet d'en Berenguer herriko (Valentzia, Herrialde Katalanak) triatloian. Distantzia olinpikoan –1.500 metro igeritan, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika– jokatzen da Canet d'en Berenguerreko triatloia, eta drafting-ik gabe; alegia, txirrindularitzako tartean, banaka joan behar dira kirolariak, ezin dute pelotoian edo bata bestearen arrastoan joan.
382 triatletak parte hartu zuten herenegungo proban, horietatik 56 ziren emakumeak, eta Bereziartua nagusitasunez gailendu zen. Igeriketan, azpeitiarra irten zen uretatik lehen postuan, bosteko taldetxo baten buru. Bizikleta hartzeko trantsiziotik bigarren abiatu zen, baina laster hartu zuen berriro lasterketaren burua. Hain zuzen ere, gurpil gaineko lanean oinarritu zuen garaipena, eta bizikletan lortutako abantaila kudeatzen asmatu zuen korrikakoan. Honela azaldu du Bereziartuak berak: "Bizikletan ireki nitun tarteak. Bigarrenari 5.45eko tartea ateratzen niola hasi nintzen korrika. Azkeneko hamar kilometro horietan alde hori kudeatuz egin nuen lasterka. Bero handia egiten zuen eta gogorra izan zen azken segmentu hori".
Distantzia erdia eta ironman-a
Estreinaldi bikainaren bultzadarekin, datozen hitzorduak prestatzen jarraituko du Bereziartuak. Hiru aste barru, distantzia erdiko triatloian lehiatuko da Saloun (Tarragona, Katalunia). Baina maiatzaren 30a da azpeitiarrak aurtengo triatloi egutegian azpimarratuta daukan data. Egun horretan, ironman edo full distanziako Epic Triatlon proba jokatuko du Orpesan (Castello, Herrialde Katalanak).