Apirilaren 2an arratsaldeko hirurak aldera piztu zen sua Erdikaleko 27 zenbakidun eraikineko bigarren solairuko etxebizitzan, ordutik eraikineko bost etxebizitzetako bizilagunak etxetik kanpo daude, suteak eragindako kalteengatik beren etxeetara sartu ezinda. Suak indar handia hartu zuen, baina suhiltzaileek laster lortu zuten itzaltzea eta mendean hartzea, eta hirugarren solairuko etxebizitzatik bi bizilagun ateratzea lortu zuten. Suteak, ordea, kalte material handiak eragin zituen eraikineko etxebizitzetan, eta horregatik oraindik ezingo dute sartu bizilagunak etxebizitzetara, eta portaleko atea itxita dute. Eraikinaren estrukturak ez du kalterik izan, baina erretako hondakinak ateratzen-eta lan handia dute egiteko.
Etxepean dagoen Korrale taberna ere sutea izan zen unetik atzo arte itxita egon da. Taberna ireki berritan hango jabeak azaldu zuenez, gasa, argia eta bestelako azpiegiturak ondo dabiltzala ziurtatzeko kontrolak egin ostean lortu dute taberna berriro irekitzeko baimena.