Sketchcrawl marrazketa topaketaren 91. edizioa egingo dute apirilaren 25ean, eta aurreneko aldiz Azpeitian izango da. Egun guztiko egitaraua prestatu du Euskal Herria Sketchcrawl taldeak, Adi arte eta diseinu eskolaren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, sketchcrawl topaketa "marrazketa maratoi moduko bat" da. "Ez da lehiaketa bat, pertsona bakoitzak bere kasa parte hartzen du, eta gero, marraztutakoak sare sozialetan partekatzen dira. Hiru hilabetetik behin egiten da, aldi berean mundu osoan barrena", azaldu dute. Euskal Herrian aurreneko marrazketa topaketa 2012an egin zuten Donostian, eta ordutik hainbat udalerritan egin izan dute: Donostian, Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Baionan, Bergaran, Arrasaten, Ean, Balmasedan, Amurrion, Aramaion, Hondarribian, Donibane Lohizunen, Eugin, Lekeition, Elgetan, Donibane Garazin, Aramaion...
Urban sketchers-en mugimenduaren "dekalogoa" kontuan hartuta egingo dute Azpeitian 91. Sketchcrawl topaketa apirilaren 25ean. Ikusten ari direna zuzenean marraztuko dute, inguruko istorioa edota bizitzen ari direna kontatuz. Horretarako, edozein euskarri eta tresna erabiliko dute. Behin marrazkiak egindakoan, sareetan elkarnabatuko dituzte.
Honako egitaraua da apirilaren 25ean Azpeitian egingo duten Euskal Herriko 91. Sketchcrawl topaketarako 10:00etatik 18:00etara prestatu dutena:
- 10:00. Burdinbidearen Euskal Museoan elkartuko dira.
- 12:00. Trenean bidaia egingo dute Azpeitia eta Lasao artean.
- 14:00. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean.
- 16:00-18:00. Azpeitiko Alde Zaharra marrazten jardungo dute.
- 18:00. Agurra eta azken argazkia aterako dute, plazan.