Maiatzaren 16rako antolatuko dute aurten Etxera Eguna, eta Azpeitiko Sareko kideak egun horren prestaketan ari dira buru-belarri. Dagoeneko egitaraua prestatu dute, eta berrikuntza ugari txertatu dituzte bertan. Elkartasun krosik egingo ez badute ere, eguerdira arteko tartea haur, gazte eta helduentzako ekitaldi berriekin osatu dute. Alde batetik, Pasaiako, Elgoibarko eta Azpeitiko erraldoien kalejira izango da haurren gozamenerako, eta beste aldetik, herri kiroletako Etxera Erronka antolatu dute ardi moztaileen, aizkolarien eta harri jasotzaileen parte hartzearekin.
Herri kiroletako Etxera Erronka hiru txandatan jokatuko dute. Lehen txandan, ardi moztaileek hamabost ardiri zeinek artilea azkarrago moztu ariko dira. Bigarren txandan, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño aizkolariek jardungo dute nor baino nor. Hirugarren txandan, Olaia Esnaola, Irati Osinalde eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek, aizkolariek eta ardi moztaileek hartuko dute plaza, erronka jokatzeko.
Goizeko ekitaldi horien ondoren, bazkari herrikoia egingo dute Azoka Plazan, eta otordurako txartelak ohiko tokietan jarriko dituzte saltzen.
Bazkalondotik goizeko ordu txikietara bitartean ere hainbat ekitaldi izango dira. Plazan, umeentzako gunea egongo da, baita haurrentzako Txaloka antzerki taldearen emanaldia ere. Antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituen Diskopuntx lana eskainiko dute.
Festaz gainera, aldarrikapenak ere izango du lekua aurtengo Etxera Egunean. 18:30ean elkarretaratzea egingo dute plazan, Ezin da gehiago luzatu, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera lelo hartuta.
Eguna bukatzeko, kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean, eta lau talde ariko dira agertokian: Eraldatzen, Puntapaxak, Trikidantz eta Azax. Sarrera doan izango da.
Maiatzak 16, Etxera Eguna
- 12:00. Erraldoien kalejira, plazatik irtenda. Pasaia, Elgoibar eta Azpeitiko erraldoiak.
- 12:30. Etxera Erronka, plazan. Ardi moztaileak, harri jasotzaileak eta aizkolariak.
- 14.30. Herri bazkaria, Azoka Plazan. Txartelak ohiko tokietan.
- 16:30. Umeen gunea, plazan. Diskopuntx antzezlana.
- 18:30. Elkarretaratzea Ezin da gehiago luzatu, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera lelo hartuta, plazan.
- 21:30. Kontzertuak: Eraldatzen, Puntapaxak, Trikidantz eta Azax. Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan da.