Hiru aste barru, maiatzaren 3an, herriko txokoak mihiseek hartuko dituzte. Izan ere, egun horretarako antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Arte eta Diseinu Eskolak V. Kale Pintura Lehiaketa. Heldu, gazte nahiz haur, edozeinek parte hartu dezake lehiaketan, eta bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu. Hori bai, pintura lehiaketan parte hartu nahi dutenek 09:00etatik 11:00etara bitartean, lehiaketako euskarria –gogorra izan beharko du, eta inolako arrastorik gabea– zigilatu beharko dute Betharrameko erakusketa aretoan. Gero, bukatutako lanak 13:00etatik 13:30era artean aurkeztu beharko dituzte egileek, toki berean.
Lehiaketarako lanak Azpeitiko udalerriaren barruan egin beharko dira eta kalean. Teknika aldetik, edozein erabili ahal izango da, baina lanak argitaragabeak eta norberak sortutakoak izan beharko dute lerhiaketaren egunean. Behin lanak bukatu eta Betharrametako aretoan aurkezteko garaian, hainbat datu eman beharko dira, hala nola egilearen jaiotze data, Nortasun Agiriaren zenbakia, helbidea eta herria eta telefono zenbakia.
Sariak helduen mailan eta haur eta gaztetxoen mailan banatuko dituzte:
- Helduen mailan: lehen saria 800 eurokoa izango da; bigarren saria 500 eurokoa; eta hirugarren saria 300 eurokoa.
- 16 urtetik beherakoetan: 12-16 urteko lan onerari arte materialez osatutako saria emango diote, baita 12 urte bitarteko onenari ere.
V. Kale Pintura Lehiaketaren oinarriak honako loturan kontsulta daitezke.