Iñigo Olarte azpeitiarrak irabazi du Udaberriko Argazki Rallyaren 46. edizioa. Joan zen igandean, apirilaren 5ean, egin zuten egitasmoa Azpeitian, eta Gipuzkoako, Bizkaiko nahiz Nafarroako 36 argazkilarik parte hartu zuten. Aipatzekoa da, gainera, sekula baino emakume gehiagok parte hartu dutela aurtengoan; guztira, hamar emakumek.
Azken urteetako gisan, Azpeitian osatu zuten rallya partaideek, eta honako gai hauen bueltan atera behar izan zituzten argazkiak: udaberria, kirola, erlojua, mahai jokoak (xakea, partxixa, kartak eta abar) eta konposaketa pikatua.
Atzo, igandez, elkartu zen Pilar Aguadok, Carlos Mediavillak eta Iñaki Etxenagusiak eratutako epaimahaia, eta haiek erabaki zuten Iñigo Olarterena izan zela bildumarik onena; hark 150 euro eta Azpeitiko eskudela jasoko ditu. Bigarren egin du Jon Esnaolak (120 euro eta garaikurra jasoko ditu), eta hirugarren, berriz, Igor Froilanek (90 euro eta garaikurra eskuratuko ditu). Saritu gabeko herriko lehen saikatua, ostera, Juan Carlos del Pozo izan da (70 euro eta garaikurra jasoko ditu), eta rallyko argazki onena Patxi Irazabalena (50 euro eta garaikurra irabazi ditu).
Sari banaketa ekitaldia Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean, egingo dute ostegunean, apirilaren 16an, 21:00etan hasita. Rallyko argazki bildumak ikusteko parada izango dute hara joandakoek.
Saritutako bildumak Azpeitiko Argazki Elkartearen webguneko Ekintzak/Rallyak atalean daude ikusgai.