Sarituei aitortza eginda ireki dute Sokamuturra argazki lehiaketaren erakusketa

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 11

Ander Uria irabazleak eta gainerako saridunek gaur eguerdian jaso dituzte Azpeitiko Argazki Elkarteak karnabaletako zezenaren eta giroaren bueltan antolatzen duen lehiaketaren oroigarriak. Hilaren 26ra arte ikusgai izango dira Betharramen aurten lehiara aurkeztutako 140 argazkiak.

Urtero ohi duenez, sari banaketa ekitaldiarekin ireki du Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) karnabaletako zezenaren bueltan antolatzen duen Sokamuturra lehiaketara aurkeztutako argazkien erakusketa, Betharram aretoan. 45. aldia bete du aurten Imanol Eliasen eskutik sortu eta hura hil zenetik haren izena daraman sariketak.

Ander Uria izan da  Sokamuturra lehiaketaren aurtengo irabazlea, El ruido en silencio argazkiarekin; bigarrenez lortu du lehen saria Uriak, 2023an ere berak irabazi baitzuen lehiaketa. Iñigo Olarterentzat izan da bigarren saria, Zain naukazu argazkiari esker; Alberto Beloki sailkatu da hirugarren tokian, Zezenaren aurrean izeneko argazkiarekin; bosgarren postuari dagokion saria Iñaki Etxenagusiarentzat izan da, Pase bikoitza argazkiagatik; eta sokamuturraren saileko bosgarren eta azken saria, berriz, Josu Altzelairentzat, Sokamuturra 5 irudiarekin.

Hogei argazkilarik aurkeztu dituzte lanak aurtengo lehiaketara eta guztira 140 argazki ikus daitezke gaur ireki duten erakusketan. Karnabaletako sokamuturraren irteereetan ateratako zuri-beltzezko irudiak dira ehun, eta inaute giroa jasotzen duten koloreetako 40 argazkirekin nahastuta ikus daitezke horiek aurtengoan ere Betharramen. IIñaki Joaristi Altzarte-ren izena daraman sari bakarra banatu du AAEk aurten ere koloreetako sailean, eta Adiel Zabalak jaso du hori, Ate handitik argazkiari esker.

AAEko kideek, Mikel Odriozola zinegotziak eta Imanol Eliasen alargun Itziar Oiarzabalek eta Iñaki Joaristiren alargun Miren Madrazok banatu dituzte sariak gaur eguerdian Betharramen. Hilaren 26a arte egunero irekiko ditu ateak han gaur ireki duten erakusketak, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide